"Gizarte-kohesioa eta suspertze ekonomikoa" dituela lehentasun esan du Aitor Gorrotxategik

Uztarria.eus 2015ko urt. 13a, 13:03
Itzias Lasa, Aitor Gorrotxategi eta Onintza Etxeberria zinegotzi jeltzaleak.

Aitor Gorrotxategi datozen Udal hauteskundetarako alkategai jeltzaleak azpimarratu du "erakunde publiko guztien, ekintzaileen eta gizarte-eragileen lan bateratuaren bidetik etorriko dela suspertze ekonomikoa".

Azpeitiko EAJk lan-jardunaldia egin zuen joan den zapatuan, Azpeitiko gaur egungo egoera ekonomikoa eta soziala aztertzeko eta kontrastatzeko. Bertan sektore desberdinetako hogeita hamar bat azpeitiarrek hartu zuten parte. Aitor Gorrotxategi EAJren Udaleko bozeramaileak eta datozen Udal hauteskundeetako alkategai jeltzaleak azaldu duenez, "gobernu programa osatuko duten ildo estrategikoak eta lehentasunak markatzeko helburuarekin egin genuen jardunaldia".

Gorrotxategik azpimarratu du bere helburu nagusia dela "erakunde publiko guztien, ekintzaileen eta gizarte eragileen lan bateratuaren bidetik etorriko den suspertze ekonomikoa". "Gure ekintzaileei aitorpena egin eta horiek baloratzearen alde egiten dugu, pertsona horiek baitira industria-proiektuak pentsatzeko eta gauzatzeko giltzarria, eta horien bidez sortzen baitira kalitatezko lanposturik gehienak, eta Azpeitiaren etorkizun eta ongizatearen berme direnak. Gainditu egin behar dugu konfrontazioa, eta proiektu partekatuen aldeko konpromisoaren kultura aldarrikatu behar dugu", gaineratu du EAJren Udaleko bozeramaileak. Ildo beretik adierazi du, "turismoarekin zerikusia duten jarduerak gero eta protagonistagoak" direla, eta "izaten jarraitu" behar dutela.

Gorrotxategik uste du Azpeitiak "herri erakargarria eta, krisiak eragin ikaragarria izan badu ere, bizitzeko maila handioa izateaz gain, proiektu berrietan inbertitzeko erakargarritasuna berreskuratu behar" duela. Horren harira, adierazi du zapatuko jardunaldian parte hartu duten kideek azpimarratu dutela "ezinbestekoa" dela "jabeekin elkarlanean, gaur egunean hutsik dauden industria-pabilioiak modu lehiakorrean eskaintzeko kudeaketa-planak egin beharra". Jeltzaleak esan duenez, "Larre-Larrin abian jartzeko lan-egutegi bat zehaztu beharra dago, SPRIren inplikazioarekin, eta ekintzaileen elkarteekin, hasi Adegitik eta kooperatiben mundua osatzen duten erakundeetaraino, etengabeko elkarrizketan eta elkarreraginean".

Gorrotxategik azaldu duenez, "alderdi ekonomiko-industrialez gain, lan-jardunaldian parte hartu genuenok, lau mahaitan banatuta, gizarte zerbitzuak, komunikabideak, gaur egungo ekipamenduen –hala gizarte arlokoen, nola kirol eta kultur mailakoen– egoera eta etorkizuneko beharrak, eta horien mantenimenduak dakartzan erronkak ere aztertu genituen". Hautagai jeltzaleak azpimarratu du parte hartzaileek "garrantzia handia" eman ziotela herriko festak eta ospakizun-egunak berreskuratzeari: "Gizarte-kohesioaren elementu eta azpeitiarrak zer garen adieraztearen bidetik, eta ez aldarrikapen politikoetarako elementu moduan".

Gorrotxategik aurreratu du mahai gainean jarritako ekarpen horiekin guztiekin "zerrenda egituratu bat antolatuko duela, hiru jarduera-ildo nagusiren inguruan ardaztuta": "Batetik, ardatz ekonomikoa, horren barruan sartuz industria, merkataritza, lehenengo sektorea, turismoa eta ingurumena. Bigarren ardatza gizarte arloari lotutakoa izango da, eta bi azpiatal izango ditu; aurrena, gizarte-zerbitzuak, kultura eta kirola hartzen dituena, eta bigarrena, hezkuntza, euskara, gazteria eta festak elkartzen dituena. Eta hirugarren ildoak, berriz, Udalaren kudeaketarekin zerikusia duen guztia hartuko du bere baitan, bertan txertatuz gardentasuna, gizarte-kohesioa, bizikidetza eta parte-hartzea, nahiz eskualde mailako ekimenak".