Abokatuen aurkako operazioa "giza eskubideen kontrako eraso larria" dela dio Udal Gobernuak

Uztarria.eus 2015ko urt. 12a, 19:09

Horrelako gertaeren aurrean "elkartasuna, tristura eta mina adierazten nazkatuta" daudela eta beren "konpromisoa luzatu" nahi dutela nabarmendu dute Bilduren hautetsiek. "Bada garaia behingoz oinarrizko eskubideak herritar denontzat eta gure herriarentzat blindatzeko".

Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, Guardia Zibilek 16 lagun atxilotu -tartean hainbat abokatu-eta miaketak egin ditu gaur, Euskal Herrian eta Madrilen (ikusi informazioa Berria.eus-en).

Operazio horren aurkako iritzi eta adierazpen ugari zabaldu dira egunean zehar, eta Azpeitiko Udal Gobernuak ere bat egin du salaketa ahots horiekin. Arratsaldean komunikabideei igorritako adierazpenean, atxiloketak "oinarrizko giza eskubideen kontrako eraso larria" direla diote Udal Gobernua osatzen duten Bilduren hautetsiek: "Gainera, atxilotu gehienak abokatuak dira eta edonork daukagun defentsa eskubidea ere urratzen dute. Ematen du batzuek ez dutela defendatzeko eskubiderik".

Udal Gobernuko kideen esanetan, "urtebetean luzatu den operazio polizial eta politiko-mediatiko baten aurrean gaude, moduek eta epeek beraiek erakusten dute justiziatik ezer gutxi dutela atxiloketa hauek. Besterik gabe, gure herriko bake eta askatasun nahia zuzenean kolpatzea bilatzen dute".

Horrelako gertaeren aurrean "elkartasuna, tristura eta mina adierazten nazkatuta" daudela eta beren "konpromisoa luzatu" nahi dutela nabarmendu dute Udal Gobernukoek. "Bada garaia behingoz oinarrizko eskubideak herritar denontzat eta gure herriarentzat blindatzeko", diote. "Bakoitzak eman dezala pauso bat, beste aldera inor utzi gabe eta beste aldera begiratu gabe. Denon giza eskubideak errespetatzea gutxieneko pausoa da. Denon ardura da pauso bat aurrera ematea. Guk konpromiso hori dugu eta nahi duenak alboan izango gaitu", gaineratu dute oharrean.