Antxietakoek 18.000 urte baino gehiago dituzten pinturak aurkitu dituzte Zestoan

Uztarria.eus 2015ko urt. 12a, 16:47
Antxieta Jakintza Elkarteko hainbat kide.

Joan den abenduaren 14ean topatu zituzten, Danbolinzulo koban. Gutxienez bost animalia ikus daitezke, oreinak eta ahuntzak. Gaur, astelehena, eman dute aurkikuntzaren berri Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan.

Joan den azaroan Ezkuzta leizeko indusketetan aurkitutako hagatxoak aurkeztu ondoren, gaur, urtarrilak 12, beste aurkikuntza garrantzitsu baten berri eman dute Azpeitiko Antxieta Jakintza Elkarteko kideek Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Joan den abenduaren 14an, miaketa lanetan ari zirela, labar-irudiak aurkitu zituzten Antxietakoek Zestoako Danbolinzulo koban. Gaur Donostian azaldu dutenez, gutxienez bost animalia -orein emeak eta ahuntzak- ezagutzeko moduan daude; beste hiru irudi ere egon daitezke, baina horiek oso egoera kaxkarrean daudela adierazi dute.

Irudi guztiak burdin oxidoz eginak daude, gorriak dira, eta horietako batzuetan trazatua antzeman daiteke. Azterketa zehatzagoak egiteko zain, Danbolinzuloko margoak duela 18.000 urte baino lehenagokoak direla esan du Marcos Garcia labar-artean adituak, agian duela 33.000 urtekoak. Altxerrikoen edo hurbilagoko Ekaingoen -azken horiek ere Antxietakoek aurkitutakoak- maila berean egon ez arren, Danbolinzuloko Paleolito garaiko irudiok garrantzia handiko aurkikuntza direla nabarmendu dute aurkezpen agerraldian.

Antxieta Jakintza Elkartekoek lehen ere aurkitu izan zituzten historiaurreko materialak Danbolinzulon, zenbait material zeramiko. Margolanak, ordea, orain ikusi dituzte. Aurkikuntzaren berri izan ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak barrunbea itxi egin du, labar-pinturak babesteko.