Partida guztiak irabazita hasi dute Xaputarrek Gipuzkoako Taldekako Xake Liga

Uztarria.eus 2015ko urt. 12a, 13:17

Joan den zapatuan hasi zen Gipuzkoako Taldekako Xake Liga, eta bertan izan ziren Xaputarrak Azpeitiko xake taldeko kideak. Parte hartu zuten lehenengo urtea izanda, 3. mailan arituko dira azpeitiarrak txapelketa horretan. Xaputarrakeko kideek azaldu dutenez, euren helburua da igoera fasera sailkatzea.

Lehen jardunaldia Zarautzen jokatu zuten bertako Iriondo D taldearen kontra. Patxi Isasmendi, Iñaki Uranga, Eneko Alberdi eta Iosu Oiarzabal azpeitiarrak Lukas Arana, Julen Bengoetxea, Aitor Duo eta Andoni Etxabe zarauztarren aurka aritu ziren. Azpeitiarrek lau partida irabazi zituzten, eta lehenengo postuan sailkatu ziren lau punturekin. Xaputarren ostean Gros I taldea sailkatu zen, hiru punturekin.

Datorren zapatuan, urtarrilak 17, Azpeitian jokatuko dute taldekako ligako bigarren jardunaldia, eta Legazpiko Santikutz C taldea izango dute aurkari. Sindikatu Zaharrean izango dira partidak, 16:00etan hasita.