Korrika batzordeak lehen bilera egingo du datorren asteartean

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2015ko urt. 9a, 12:17
Korrikaren 17. edizioa Azpeitian.

Azpeititik martxoaren 22an igaroko da lasterketa, bi aldiz. Kilometroak salgai daude jada, eta horiek erosteko, tokian tokiko koordinatzailearekin jarri behar da harremanetan. Azpeitiko Korrika batzordearen bilera asteartean, hilak 13, izango da, 21:00etan. 

AEK-ren aldeko Korrika hasteko bi hilabete eskas falta dira oraintxe. Martxoaren 19an hasiko da Urepelen (Nafarroa Beherea), eta hilaren 29an bukatuko da Bilbon. Hamar egun iraungo ditu euskararen aldeko festak, eta laugarren egunean igaroko da Urola Kostatik, martxoaren 22an, igandean. 

Azpeititik bi aldiz pasako da lasterketa. Lehenengo Zestoatik etorriko da eta Azpeititik 19:30ak aldean igaro ondoren, Azkoitira joango da. Handik berriz Azpeitira itzuli, eta ibilbideari jarraituz, Errezilera abiatuko da 19. Korrika. Guztira, hamar bat kilometroko ibilbidea egingo du Korrikak Azpeitian.

Horregatik, lanean ari dira eskualdeko koordinatzaileak eta herritarrak. Herriz herri indartzen ari den mugimendua da Korrika, eta horren erakusle dira euskalgintzak antolatutako batzordeak eta ekitaldiak. Azpeitian datorren astean egingo dute lehen bilera, eta urtarrilaren 13an, asteartean, dira biltzekoak, 21:00etan, Sindikatu Zaharrean.

Horrez gain, Korrikako arropak saltzen ere jardun dute herritarrek azken asteetan. Azpeitian ere jarri dituzte horretarako mahaiak, eta Urola Kostako herrietako AEK-ren euskaltegietan eskuragarri daude orain.

Olalla Epelde Urola Erdiko koordintzailea da, eta hark azaldu duenez, Korrika Kulturalerako ere zenbait ideia lantzen ari dira; besteak beste, mus txapelketak, bertso afariak eta euskararekin eta teknologiarekin lotutako hitzaldiren bat. "Mus txapelketa herriz herri egin nahi dugu, ondoren, otsailaren 28an, Gipuzkoako txapelketa nagusia jokatuko baita Hernanin, tokian tokiko irabazleekin". Epelderen arabera, ekitaldi "bereziak" ere pentsatzen ari dira. Adibidez, Azkoitian Lip dub-a egin nahi dute aurtengo abestiarekin: "Oso ideia ona da, baina beharrezkoa dugu herritarren parte hartzea, ongi irten dadin".

Kilometroak salgai

Ekitaldiak antolatzeaz gain, ordea, Korrikak behar-beharrezkoa du laguntza ekonomikoa ere. Izan ere, ekitaldian biltzen den dirua AEK indartzeko erabiltzen da, hots, euskararen garapenerako.

Ekonomikoki laguntza eskaini nahi duten herritarrek, erakundeek eta enpresek bi bide dituzte. Batetik, ibilbideko kilometroak eros ditzakete; eta, bestetik, Korrika lagun egin daitezke.

Urola Kostako ibilbideko kilometroak erosi nahi dituztenek harremanetan jarri behar dute beraien inguruko koordinatzaileekin. Azkoitian, Azpeitian, Errezilen edo Zestoan kilometroa erosteko, 634 40 65 39 telefonora deitu edo olallaepelde@yahoo.es helbidera idatzi behar da.

Prezioari dagokionez, kilometro bakoitzak 425 euro balio ditu gune guztietan, eta hura erosten dutenek lekukoa eramateko aukera izango dute. Informazio gehiago behar izanez gero, koordinatzaileekin harremanetan jar daitezke interesa dutenak.

Korrika laguntzaile izateko, berriz, hamabi euro ordaindu behar dira. Laguntzaile egiten direnei txartel bat emango zaie Euskal Herriko zenbait dendetan deskontuak izan ditzaten, eta txartelarekin batera, Korrikako pin bat jasoko dute etxean.

2013ko 18. Korrikaren bideoa hemen.