Aizu, Ramon, ez goaz ondo

Igor Susaeta (Berria) 2014ko abe. 23a, 11:10

"Gauzak aldatu egin dira, eta egia da literaturari baino garrantzi handiagoa ematen zaiola bertsolaritzari, eta hori ez da normala. Ez goaz ondo". Ramon Saizarbitoria idazlearen sententzia da hori. Joan den astean bota zuen, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, hango kultur eta komunikazio eragileek antolatutako Aho bizarrik gabe solasaldi ziklo interesgarriko 11. saioan.

Eta Saizarbitoria, haren lana gehiago edo gutxiago gustatu, pertsona jantzia da euskal kulturaren ekosistema txiki, emankor eta itoan. Baina hori ahoratu zuenean 30 bat pertsona baino ez zituzten parean berak eta Ramon Etxezarreta solasaldiaren gidariak. 

Bi dozena pasatxo lagun besterik ez, beraz, ikur intelektual batek literaturaz, soziologiaz, hizkuntzaz, aberriaz esaten zituenak entzuten. Kopuru urria da. Bai, behintzat, zikloko beste saioetako zenbakiekin konparatuz. Martxelo Otamendi, Juan Jose Ibarretxe, Jose Maria Setien, Jon Sarasua eta Benito Lertxundik, adibidez, ehun bat pertsona erakarri zituzten, batez beste. Zikloak goia jo zuen Amets Arzallus gonbidatu zutenean, Euskal Herriko bertsolaritza txapelketa irabazi eta hiru bat astera; esan beharreko guztiak han, hemen eta haratago esanda zeuzkanean. Bada, 190 pertsona hari adi. Azpeitiko datuak, gainera, Euskal Herri osora estrapola daitezkeelakoan nago. 

Dudarik ez, beraz, Saizarbitoriak arrazoi duela sententziaren lehen zatian. Bigarrenean? Apokaliptikoa ez izateko erantzungo diote... Edo, areago joanda: "Hobe hala!". Argi dagoena da aldeko audientziarekin adierazitako ideia mamitu bezain jakineko horiek, identitate, fede edo dena delako bat indartzeko, kontsumo propiorako direnak, intelektual deseroso batenak baino interesgarriagoak zaizkigula. Aizu, Ramon, horrela ez goazela ondo.