Martxan da Hemenbuy!, Azpeitiko eta Azkoitiko dendetan Internet bidez erosteko webgunea

Urola Kostako Hitza 2014ko abe. 23a, 10:31

Egitasmoaren sortzaileen arabera, webgune hau "denden denda" da eta kontsumitzaileei zerbitzu "zabalagoa eta erosoagoa" eskaini nahi zaie.

Elkarmediak garatutako webgunea da Hemenbuy! plataforma eta bertan Azkoitiko eta Azpeitiko merkatarien produktuak erosteko aukera dago urteko 365 egunetan. Egitasmoaren sortzaileen arabera, webgune hau "denden denda" da eta kontsumitzaileei zerbitzu "zabalagoa eta erosoagoa" eskaini nahi zaie. Jakinarazi dutenez, milaka bisitari izan dira webgunea bisitatu dutenak eta orian arte salerosketa "ugari" kudeatu direla argitu dute. Bestalde, erosleek nahi duten lekuan jaso ahal izango dute erosketa: erosketaren dendan edo euren etxean.

Elkarmedia informatika enpresak bi hutsune nagusi nabaritu zituen: "Alde batetik herriko merkatari txikiek ez zuten baliabide nahikorik Internet bidez zerbitzuak eskaintzeko eta bestetik Internet bidez ohikoak diren produktuak erosteaz gain, egunerokoan behar diren produktuak erosteko eskaintza oso laburra zegoela identifikatu genuen. Kontsumitzaileei elikadura beharrak nahiz garbiketarako beharrezko diren produktuen salerosketa erraztuko duen plataforma baten beharra ikusi genuen".

Plataforman parte hartzeko aukera

Hiru urte igaro dira egitasmoa ikertzen eta garatzen hasi zirenetik: "Elkarmedia informatika enpresak, Iraurgi Berritzen erakundearekin elkarlanean egindako lan eskergaren ondorioa izan da" azpimarratu dute plataformaren sortzaileek.

Azpeitiko eta Azkoitiko 40 dendari baina gehiagok hartzen dute parte Hemenbuy! plataforman eta sortzaileen arabera, ondorengo asteetan merkatari gehiago gehitzea aurreikusten dute. Egitasmoan izena eman nahi duten dendariek Elkarmedia enpresak Azkoitian duen bulegora joan dezakete izena ematera edo ondorengo telefono zenbakietara deitu beharko da: 943 85 08 74 edo 636 29 85 29. Bestalde, webgunearen arduradunarekin kontaktuan jarri nahi dutenek, mezu elektronikoa bidali dezakete ondorengo helbidera: info@hemenbuy.com.