Patxi Azkargorta gogoan banatu ditu txapelak Ilunpek

Uztarria.eus 2014ko abe. 22a, 11:55

Irailean hil zen elkarteko presidente zenaren seme-alabek jaso zuten aitari eskainitako omenaldia, Santo Tomas egunez, Frontoi Txikian jokatutako finalen sari banaketa ekitalduiaren aurretik.

Urte asko eta gero, Ilunpe Pilota Elkarteak antolatutako finalen sari banaketan ez zen egon atzo, Santo Tomas egunez, Patxi Azkargorta. Hutsik egin gabe izaten zen bera, ekitaldia aurkeztuz, Frontoi Txikian. Joan den irailean hil zen, ordea, Azkargorta. Hura gogoan, udazkeneko gaztetxoen pilota txapelketari Patxi Azkargorta Memoriala izena jartzea erabaki du Ilunpek, udaberri-udakoa Cesar Valverde zenari eskaintzen zaion bezala.

Atzo, Azkargortarik gabeko aurreneko finaletan, haren seme-alaba Irunek eta Iñakik jaso zuten, hunkituta, Ilunpekoen eta Frontoi Txikia bete zuten ikusleen esker ona eta txalo zaparrada. Sari banaketa hasi aurretik, Patxi zenari omenaldia egin zioten pilota elkartekoek, oroigarri bat eta lore-sorta bat emanez Azkargortaren seme-alabei.

Emaitzak

Bost final jokatu ziren Patxi Azkargorta Memorialaren lehen edizioaren azken jardunaldian. Hona hemen emaitzak:

Benjaminaurrekoak B: Iker Urrestillak 16 - Abel Astigarragak 12

Benjaminaurrekoak A: Xabat Egigurenek 16 - Unai Astigarragak 15

Benjaminak (buruz buru): Beñat Ezamak 16 - Aner Lizasok 3

Benjaminak (binaka): Iker Zabalak eta Iker Otaegik 16 - Iker Urrestillak eta Jokin Bidezabalek 11

Alebinak: Lantz Unanuek eta Iker Egigurenek 18 - Enaitz Etxeberriak eta Aratz Buldainek 9

Zozketa

Finalekin batera zozketa ere egin zuen Ilunpe Pilota Elkarteak. 2555 da zenbaki sariduna.