Lapatx 2015eko udazkenean itxiko dute

Uztarria.eus 2014ko abe. 19a, 15:58

Lapatx zabortegia 2015eko apirilean itxiko zutela iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den otsailean, baina Eusko Jaurlaritzak Zubietan TMB planta egiteko ingurumen baimena ez luzatzea erabaki ondoren, datak aldatu dituzte. 

Lapatx 2015eko udazkenean itxiko dutela iragarri dute gaur, ostirala, Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakariak, Leire Etxaniz Urola Erdiko mankomunitateko lehendakariak eta Amaia Guruzeta Urola Kostako lehendakariak. 

Lapatx zabortegia 2015eko apirilean itxiko zutela iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den otsailean, baina Eusko Jaurlaritzak Zubietan TMB planta egiteko ingurumen baimena ez luzatzea erabaki ondoren, datak aldatu dituzte. Egokitzapen horien ondorioz, Zarauzko Urteta zabortegia datorren asteartean itxiko dute, Lapatx 2015eko udazkenean eta Sasieta, berriz, 2016aren bukaeran. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken hori itxiko dute "Zubietako TMB planta eta bizigabetutako materialen biltegia martxan jarritakoan".

Gaurko agerraldian azaldu dutenez, TMB planta "birziklapenean oinarritzen zelako" erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak baimena ez luzatzea, eta "erabaki hori ulertezina da". Iñaki Errazkinek adierazi duenez, "Gipuzkoak zabortegi kutsakorrak ixteko plangintza eta datak ditu. Gipuzkoa zabortegi kutsakorrik gabeko lurraldea izango da, Hego Euskal Herriko lehena; datorren astean beste pauso bat emango du norabide horretan. Eta garrantzitsuena, Gipuzkoa zabortegi kutsakorrak ixteko tresnarik eraginkorrena eta merkeena aplikatzen ari da: birziklapena".

Errazkinek honako datuak eman ditu agerraldian: 2014. urtean %45eko bataz besteko birziklatze tasa izango duela Gipuzkoak, iaz baino zazpi puntu gehiago. Eta bestetik, aurten 170.000 tona eramango dituela Gipuzkoak zabortegietara: duela zazpi urte baino ia %40 gutxiago. Ingurumen diputatuaren arabera, "hori da gure errealitatea. Horri esker, eta birziklapenaren aldeko joera horri erantzuten dioten azpiegiturei esker, zabortegiak itxi ahal izango ditugu; nahi baino beranduago, baina itxi egingo ditugu”, gaineratu du.

Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakariak esan du "Gipuzkoak orain arteko bidetik sendo jarraituko duela, eta gero eta gertuago ikusten dugu 2016an %60ko birziklatze maila lortzeko helburua betetzea, Europako ingurumen zuzentarauek eskatuko diguten bezala".