Nekane eta Izaro Zinkunegirentzat zigor eskaerarik ez

Uztarria.eus 2014ko abe. 18a, 17:01

Topatu.info webgunean 2013ko Gazte Danbadari buruz informatzeagatik inputatu gisa deklaratu zuten Errezilgo ahizpek urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean, Iraitz Salegi bergararrarekin batera. Zinkunegitarren kontrako zigorrik ez dutela eskatuko jakin da gaur, osteguna. Salegirentzat eta beste zortzi lagunentzat, aldiz, 18 hilabete eta bi urteko kartzela zigorrak eskatu dituzte Espainiako Fiskaltzak eta AVTk, "terrorismoa goratzea" egotzita.

Joan den urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean inputatu gisa deklaratu ondoren gaur, abenduak 18, jakin da Nekane eta Izaro Zinkunegi errezildar kazetarien kontrako akusazioak artxibatu egin dituztela. Topatu.info webgunean 2013ko Gazte Danbadari buruz informatzeagatik inputatu zituen Errezilgo ahizpak Eloy Velasco epaileak, Iraitz Salegi bergararrarekin batera. Zinkunegitarren kontrako zigorrik ez dutela eskatuko jakin da gaur. Salegirentzat eta beste zortzi lagunentzat, aldiz, 18 hilabete eta bi urteko kartzela zigorrak eskatu dituzte Espainiako Fiskaltzak eta AVTk, "terrorismoa goratzea" egotzita.

Hain zuzen ere, Topatu.info-ko Iraitz Salegi kazetariarentzat eta Periko Solabarria ezker abertzaleko kidearentzat 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute, eta bi urteko kartzela zigorra Gotzon Elizburu, Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Aitor Anda, Garazi Mugertza, Mikel Moreno eta Mikel Jon Button Ernaiko kideentzat. Ernai gazte erakundeak antolatu zuen 2013an Urduñan ospatu zuten Gazte Danbada. Hango ekitaldi politiko nagusian hitza hartu zutenek espetxean hil zen Xabier Lopez Peña presoa izan zuten gogoa. Hortik etorri ziren "terrorismoa goratzea" egotzitako hainbat lagunen inputazioak eta ekitaldi haren bideoak ezabatzeko aginduak, aurrena, eta zigor eskaerak, orain.