Sexistak ez diren ipuinak eta liburuak aukeratzeko gida kaleratu dute

Urola Kostako Hitza 2014ko abe. 18a, 10:51

Liburutegiak eta Emakumeen Txokoak argitaratu dute gida; haurrentzat eta gaztetxoentzat hamabi liburu bildu dituzte.

Gabonak gertu dira, eta urteko sasoi honetan liburu asko oparitu ohi da. Oparien hilabete honi eta pasatu berri den Durangoko Azokari begiratu diote Udal Liburutegiak eta Emakumeen Txokoak, eta Irakurketa ez sexista aukeratzeko gida argitaratu dute elkarlanean. Hala, gida horretan aurki daitezke "berdintasuna oinarrizko balio gisa sustatzen dituzten liburuak".

Hamahiru urtera bitarteko haurrei eta gazteei zuzendutako euskarazko hamabi liburu bildu dituzte gidan, eta horiek liburutegian eta Emakumeen Txokoan eskuratu daitezke. Gainera, formatu digitalean ere zabaldu nahi izan dute.

Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak Urola Kostako Hitza-ri adierazi dionez, lehenengo aldia da horrelako gida bat egiten dena Azpeitian, eta duela hiru hilabete inguru hasi ziren proiektu horretan pentsatzen: "Berdintasunaren ikuspuntutik" pausoak ematea oso garrantzitsua dela uste dute: "Oso argi ikusten da gaur egungo haur liburuetan sexismoa nagusi dela".

Estereotipoak baztertuz

Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak esan du gida urteroko ohitura bihurtu nahi dutela: "Orain argitaratutako gida abiapuntua da. Bertan azaltzen den liburu sorta ez da oso luzea, baina urtero liburuak gehitzeko lanketa egingo dugu".

Liburuak erosteko gomendioak ematen dira gidan. Egitasmoaren sustatzaileen arabera, "haurrak garenetik, ipuinek eta liburuek zabaltzen dituzten baloreei eta jarrerei arreta jarri behar zaie". Azaldu dutenez, gehienetan, "genero esetereotipak" transmititzen jarraitzen dute haurrentzako ipuinek.

Egigurenek "modu positiboan" baloratu du gidarekin jaso duten erantzuna: "Gida hau jendearentzako tresna da. Izan ere, askotan ez dugu jakiten zein liburu aukeratu behar dugun".