Ramon Saizarbitoria: "Historia hautsi didate, eta hori da pertsona bati egin dakiokeen gauzarik txarrena"

Urola Kostako Hitza 2014ko abe. 17a, 15:40
Etxezarreta eta Saizarbitoria Aho Bizarrik Gabeko saioan. (Miriam Tamayo/Hitza)

Atzo, asteartea, 'Aho Bizarrik Gabe' solasaldien 11. saioa izan zen, Sanagustin kulturgunean. Ramon Etxezarretak Ramon Saizarbitoria elkarrizketatu zuen, eta hainbat gairen inguruan aritu ziren ordu eta erdi inguru, solasean. 30en bat lagun izan ziren.

Azpeitia "bertsolari herria" dela esanez hasi zuen atzo, asteartea, Aho Bizarrik Gabe saioa Ramon Etxezarreta urrestildarrak, eta bertsolariak eta idazleak kontrapisuan jartzeak "merezi" duen galdetu zion Ramon Saizarbitoriari (Donostia, 1944). Honakoa erantzun zion: "Gauzak aldatu egin dira, eta egia da literaturari baino garrantzia handiagoa ematen zaiola bertsolaritzari, eta hori ez da normala. Ez goaz ondo". Hala ere, bertsolariek Urola bailaran "paper handia" izan dutela azpimarratu zuen. Euskararen inguruan ere aritu ziren biak, eta elebitasunaren gaia aipatu zuten, besteak beste; elebitasuna hobea dela, eta erreferentzia elebakarrak galtzea "kaltegarria" dela esan zuen Saizarbitoriak.

Bailarako idazleei buruz hitz egin zuten solasaldian. Saizarbitoriaren arabera, "ez dauka zerikusirik" Jose Artetxerekin: "Haren kristau militantziaren zailtasun hori ulertzen dut, eta hunkigarria iruditzen zait haren lan osoan azaltzen duen beldurraren eragina. Kasu horretan, Artetxerenganako enpatia sentitzen dut". Etxezarretak, berriz, azpimarratu zuen Artetxek Saizarbitoriari "errietan" egiten ziola.

Historiari dagokionez, "erruak errepikatzen" ari direla uste du idazle donostiarrak: "Ez dugu historia irakurtzen". Bakoitzak bere aitzindariak aukeratu behar dituela zioen: "Gudari horiek nireak zirela sentitzen nuen. Historia hautsi egin didate, eta hori da pertsona bati egin dakiokeen gauzarik txarrena".

Saizarbitoriaren bi alderdiak

Saizorbitoriak uste du literatura eta soziologia munduak "bereiztu" egiten dituela: "Oso ondo bereizi izan ditut biak, baina garai batean biak uztartzea zaila zen, literaturaren kalterako. Bietan gauza asko egin ditut, baina azkenean literaturak errenditu ninduen". Literaturaren arlokoek, idazleak poetatzat hartzen dituztela esan zuen: "Funtsean, ez dut uste idazle izatea serio hartzen denik. Mundu guztian galdu du itzala idazle izateak". Idaztea beste gauza batean bihurtu dela azpimarratu zuen. "Uste nuen gauza serioagoak egiteko zeudela politikoak eta halakoak, gorbata duten gizonak, baina orain konturatu gara zeinen friboloak, zeinen tontoak eta zeinen lapurrak diren". Gauzak seriotasunez eta ahal duen moduan egiten dituela zioen Saizarbitoriak: "Serio uste genituen horiek, aldiz, ez dira ahalegintzen".

Bestetik, aitortu zuen euskara normalizatua egon izan balitz beharbada bera ez zela hasiko idazten: "Eskuzabalak izan beharko genuke, batez ere, euskaldun zaharrak euskaldun berriekin. Euskara ez da etxeko sukaldean jasotzen. Oso kopuru txikia da euskara amarengandik jasotzen dutenena".

Angel Otaegi gogoan

Saizarbitoriak aitortu zuen Hamaika pauso liburua idaztea amaitu zuenean "pisu handia kendu" zuela gainetik. Eleberri horretan, Francoren erregimenak hil zuen Angel Otaegi nuarbetarraren hilketa hartu zuen oinarri: "Aspalditik buruan eta bihotzean izan nuen liburua izan da. Nire interpretazio soziologikoaren arabera, heriotza tristea izan zen Otaegirena". Sumarioan Otaegiren izena "gutxien" azaldu arren, hura aukeratu zutela salatu zuen Saizarbitoriak.

Solasaldia bukatu aurretik, euskaldunen eta donostiarren arteko harremanaz hitz egiteko tartea hartu zuen Saizarbitoriak: "Euskaldunek ez gaituzte gogoko donostiarrak. Pena handia ematen dit gipuzkoarrek Donostiarekin harreman afektiboak lortzeko izaten dituzten zailtasunak. Donostiako liberalek, Euskal Herri osoa onartu beharko lukete".

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin kulturguneak, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitza-k antolatutako zikloko 11.a izan zen astearteko solasaldia.

Orain arteko saioak