Egitarau oparoa prestatu dute santotomasetarako

Uztarria.eus 2014ko abe. 17a, 12:56
Udal ordezkariak eta herri kirol jaialdian parte hartuko duten kirolariak atzoko agerraldian.

Hamaika ekitaldi prestatu dute aurtengo Santo Tomas jaietarako. Berrikuntza bat bada aurtengoan: herri kirol jaialdia plaza egin ordez, Izarraitz pilotalekuan izango da. Sarrera ordaindu egin beharko da, eta Aimar Irigoien aurretik Zelaik ezarritako marka hausten saiatuko da.

Ate joka dira Santo Tomas festak. Igandean, hilak 21, egun osoko jai eguna izango da Azpeitian, eta Udalak egitarau zabala prestatu du egun horretarako. Santo Tomas bezperan hasiko dira ekitaldiak, eta Borrokan eta Aiolilliput taldeen kontzertuak izango dira 23:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.

Igandean, berriz, Izarraitz txistulari taldearen dianarekin hasiko da festa eguna, 10:00etan. Ondoren, 10:30ean, Patxi Azkargorta Memoriala jokatuko da Frontoi Txikian. Bertan, Ilunpeko maila desberdinetako pilotariek hartuko dute parte.

Eguerdian ekitaldi ugari izango da herrian. Hala nola, 12:00etan, XXXII. Antzerki Topaketetako ikusleen saria banatuko dute udaletxean, eta Lakrikun antzerki taldeak jasoko du oroigarria. Gainera, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur 2014ko Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketako irabazleei harrera egingo die Udalak.

Ohiko gisan, jakien eta edarien hainbat postu izango da plazan, eta Udazkeneko Azoka Berezia ere bai, Berdura plazan. 12:00etatik aurrera, bertsolariak ariko dira kantuan kioskoan: Nerea Elustondo, Sustrai Colina, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi. Gai-jartzaile lanak, berriz, Sebastian Lizasok egingo ditu.

Eguerditik aurrera musika eta animazioa ez dira faltako herrian. Hala nola, Itsasiko ttuntturroak, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak, Imuntzo, Beloki, Izer, Alabier eta Montte trikitilariak, erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak nahiz Gaztetxeak antolatutako kalejira izango dira.

Arratsaldean, berriz, Gazteen XIV. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa jokatuko da Sanagustin kulturgunean. 18:00etan hasiko da lehia, eta Amets Amubieta eta Maialen Aldalur omenduko dituzte.

Herri kirolak Izarraitzen

Aurreko urteetan herri kirolen jaialdia plazan izan ohi bazen ere, aurten Izarraitz pilotalekuan egingo da. Aimar Irigoien harrijasotzailea marka hausten saiatuko da. Manterolaren 150 kiloko zilindro zaharrarekin Zelairen 122 altxaldiko marka hobetzea du helburu Irigoienek. "Urrian egindako apustuan jendearen erantzun ona jaso genuen, eta oraingoan ere hala izatea espero dut. Aukera eman didate jada osatuta zegoen jaialdian parte hartzeko, eta eskertzekoa da. Ia ondo ateratzen den, eta gaizki ateratzen bada, beste saiakera bat egin beharko dut", azaldu du errezildar harrijasotzaileak. 

Irigoienen saiakera ez ezik, Mikel Larrañaga eta Jose Mari Olasagasti aizkolariek erakustaldia egingo dute. Horiez gain, Idoia Etxeberriak, Goenatxo III.-ak eta Aimar Irigoienek harri-jasotze erakustaldia egingo dute. Ondoren, proba mixtoak ere egingo dituzte.

12:30ean hasiko da jaialdia, eta dagoeneko salgai daude sarrerak Mendizabal erretegian, 20 eurotan. Egunean bertan ere eskuratu ahal izango da sarrera, pilotalekuko lehiatilan.