Geotermia, mende honetako energia

Urola Kostako Hitza 2014ko abe. 16a, 11:31
Barrenetxeko iturburua. (Urola Kostako Hitza/Miriam Tamayo)

300 metro luzeko hodi isolatu bat ari dira jartzen Barrenetxeko iturburutik igerilekuko sotoraino. Igerilekuko instalazioak berotzeko erabiliko dute iturburuko ur beroa, gas naturalaren ordez. Laster amaituko dituzte lanak, eta lanen arduradunekin hitz egin du Urola Kostako Hitza-k. Proiektuaren nondik norakoak bideoan ere jaso ditu Hitza-k.

Krisi ekonomikoaren ondorioz, arlo guztietan aurrezteko nahia zabaldu da. Azpeitian igerilekuaren gas kontsumoa murriztu nahi da geotermia instalazioari esker, eta horretarako, Barrenetxe auzoan modu naturalean sortzen den ur beroa erabiliko dute igerilekuko eta bertako dutxetako ura berotzeko eta girotze makinaren energia kontsumoa aurrezteko. Hodi bat instalatzen ari dira, Barrenetxeko iturburutik hasi eta igerilekuko sotora arte. Bertan uraren berotasuna xurgatuko duen bero bonba bat instalatuko dute, eta horri esker, gaur egungo gas naturalaren galdarek kontsumitzen duten gasa murriztuko da.

Azaroan aurkeztu zuten proiektua Azpeitiko Udalak eta Tinko STS enpresak, eta gaia sakonago lantzeko arduradunekin hitz egin du Urola Kostako Hitza-k. Alfon Lizarralde udaleko teknikariak adierazi duenez, bizpahiru urte daramatza udalak proiektu honi bueltak ematen: "Herriko igerilekuaren gas kontsumoa oso altua da. Beraz, kontsumo hori murrizteko zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen".

Geotermiaren instalazioarekin hasi aurretik Azpeitiko Udalak bideragarritasun planak eskatu zizkien Bizkaiko enpresa aditu bati eta Azpeitiko Tinko STS enpresari. Bi azterketen emaitzen arabera, geotermia instalazioaren proiektua "bideragarria" da: "Bizkaiko enpresak Barrenetxeko iturburuaz gain, Arria auzoan dagoen beste iturria ere erabiltzea proposatzen zuen igerilekuko gas kontsumoa ehuneko ehun asetzeko asmoz. Baina, Arriako iturria lur eremu pribatu batean dago, eta ur hori lortzeko kudeaketa oso zaila da". Azpeitiko Tinko STS enpresaren emaitza "antzekoa" izan zela dio Azpeitiko Udaleko teknikariak. Kasu honetan, Barrenetxeko ur beroa soilik erabiltzea proposatzen zuten. Hala azaldu du Joseba Garmendia Tinko STSko enpresaren industria ingeniariak: "Arriako iturriak ur emari handiagoa du, baina bertako uraren tenperatura baxuagoa izaten da. Beraz, tenperaturak nahastu gabe, iturburu batetik etekin handiagoa atera zitekeela konturatu ginen. Urtebete inguru aritu gara Barrenetxeko iturburua aztertzen, eta ohartu gara urtaro guztietan uraren tenperatura eta emaria mantendu egiten direla".

Erreportaje osoa irakurtzeko egin klik hemen.