Bertanek bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Dendarteanek martxan jarri duten kanpainarekin

Uztarria.eus 2014ko abe. 15a, 12:37

Kanpainaren helburua da tokiko saltoki txikiak sustatzea. Bertan Merkatari Elkarteak ere bat egin du kanpainarekin.

Jarraian Bertan Merkatari Elkarteak kanpainaren harira kaleratu duen testua:

Buruak eta bihotzak bat egiten duten lekuak

Kanpainaren irudia bi laranja erdi dira. Esan nahi duguna da, erosketak egiterakoan aldagai asko hartzen ditugula gure baitan. Aldagai hauek, arrazionalak eta emozionalak dira.

Beste saltoki batzuk arrazoi ekonomiko edo arrazionalekin tentatzen dituzte erosleak. Komertzio txikiak arrazoia eta bihotza erabiltzen ditu, eta gainera, nahiz eta arrazoi ekonomikoak ez erabili, komertzio txikia garestiagoa dela uste izaten dute herritarrek askotan, eta hori ez da egia.

Beraz, komertzio txikia ez da alderdi emozionala soilik (laranja erdia), alderdi arrazionala ere bada (laranjaren beste erdia). Eta erosketa oso, konpleto bat, egitea proposatzen dugu (laranja osoa).

Bertako komertzio txikian erosten dugunean aberastasuna herrian geratzen da eta banaketa justuago bat egiten dugu, bertako ekoizleei laguntzen diegu, bizi eredu jasangarria bultzatzen dugu, herrian aktibitatea sortuaz, mugikortasuna erraztuz eta hondakinak murriztuaz.

Hori guztia hurbiltasunez egiten dugu, harreman sozialak hobetuaz, komunitatea indartuz, espazio publikoak bizirik eta seguru mantenduz, konfiantzaz eta noski kalitatezko produktu eta zerbitzuak eskainiaz.

Arrazoiak asko dira. Koherentziaz jokatu eta erosketa inteligente bat egin nahi badugu, ez gaitezen laranja erdiarekin geratu eta eros dezagun bertako komertzio txikian. Txikia izatea da handi egiten gaituena.

Argi dugu bertako komertzio txikiok gauza on asko ditugula eskaintzeko, hau gizarteari jakinarazi eta gogorarazi behar diogu, eta baita bertan erosteak gure herrientzat eta gizartearentzat duen onura ere. Guztiok irabazten dugula alegia. Merkatariak ere animatu nahi ditugu momentu zail hauetan hobetzen jarrai dezagun, herritarrei zerbitzu hoberena eskaintzen jarraitu ahal izateko.