UEMAren berripapera etxean jasoko dute azpeitiarrek datorren astean

Uztarria.eus 2014ko abe. 12a, 19:36

Zortzi orriko berripaperaren bitartez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen lorpenak herriratzeaz gain, aurrera begira dituen erronkak ere jendarteratu nahi ditu UEMAk.

"Euskararen arnasguneak sendotzeko lanean", UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) 100.000 berripaper banatuko ditu etxez etxe datozen egunetan. Azpeitian, datorren astean egingo dute banaketa.

Zortzi orriko berripaperaren bitartez, mankomunitatearen lorpenak herriratzeaz gain, aurrera begira dituen erronkak ere jendarteratu nahi ditu UEMAk. Berripaperean, Maren Belastegi UEMAko lehendakariari egindako elkarrizketak jaso du tarterik zabalena.  Elkarrizketa horretan, udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek daukaten "garrantzia" azpimarratu nahi izan du Belastegik. "Udalerri euskaldunei teorian onartzen zaien garrantzia praktikara eramateko unean gaude. Euskararen arnasguneek politika bereziak behar dituzte", dio. "Eta horregatik, UEMAk politika ausartak bultzatuko ditu".

Administrazioa euskalduntzen egindako ahalegina eta emandako aurrerapausoak ere ikus daitezke berripaperean. Diagnostikoen bidez, UEMAk sailkatu egin du Mankomunitateko udal bakoitza. "Datuek erakusten dute, oro har, UEMAko udalak oso maila onean daudela euskararen erabilerari dagokionean", diote mankomunitatekoek.