Manresarekin elkarlanerako bidea jorratzen hasi da Udala

Uztarria.eus 2014ko abe. 12a, 19:43
Etxeberria alkatea (ezkerretik bigarrena) Manresako udaletxean eginiko ekitaldian, joan den azaroan. (AZPEITIKO UDALA)

Bi herrietan turismoa eta arlo ekonomikoa sustatzeko ekintza konkretu batzuk elkarlanean egiteko akordioa lortu dute. Eneko Etxeberria alkatearen esanetan, "Manresak izan behar du Azpeitiko produktuak Kataluniara sartzeko atea, eta alderantziz, Azpeitia Manresako produktuak sartzeko Gipuzkoako atea".

Azpeitian hasi eta Kataluniako herri hartan bukatzen den Ignaziotar Bidea oinarri hartuta, Manresarekin (Bartzelona, Katalunia) elkarlanerako zubiak jorratzen hasi da Udala..

Eneko Etxeberria alkatea buru zuen Azpeitiko delegazio batek Manresa bisitatu zuen azaroan. Herria eta inguruak bisitatzeaz gain, bi udalerrien arteko interes turistikoak, kulturalak eta ekonomikoak elkarlanean lantzeko aukerak aztertzeko bilerak ere egin zituzten. "Emaitzak itxaropentsuak" izan dira, Azpeitiko udal ordezkarien aburuz. "Bi udalen arteko sintonia oso ona izan" dela nabarmendu dute, eta bi herrietan turismoa eta arlo ekonomikoa sustatzeko ekintza konkretu batzuk elkarlanean egiteko akordioa lortu dutela aurreratu dute. "Gauza bera esan daiteke Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Generalitatearen artean. 2015-2016 urteetan, bi udalerrietako eragileen artean aurrez definituriko plangintza baten arabera jarriko dira martxan sustapen eta dinamizazio ekintzak", gaineratu dute. Azpeitiko eta Manresako udalen arteko hartu-emana lehendik zetorren. Horrela, besteak beste, Azpeitian izan zen Manresako alkatea joan den apirilean.

Eneko Etxeberria alkatearen esanetan, "Manresak izan behar du Azpeitiko produktuak Kataluniara sartzeko atea, eta alderantziz, Azpeitia Manresako produktuak sartzeko Gipuzkoako atea".