Modan dago Azpeitia

Uztarria.eus 2014ko abe. 12a, 17:38
Abenduko aldizkariko azalerako erabilitako argazkia.

Uztarria herri aldizkariaren abenduko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). 167. zenbaki horretan, modaren munduan urratsak egiten ari diren azpeitiarrekin osatu dugu erreportaje nagusia, Azpeitia modan dago izenburupean. Azala ere gai horri eman zaio, Made in hemen goiburuarekin. Erreportaje hori ekarri dugu hona.

Moda kontua da moda. Jantzigintzako marka eta sinadura handiez gain, ordea, badira lanean ari diren diseinatzaile azpeitiarrak ere.

Moda multinazional handiekin lotzen dugu askotan. Mundu zabala da jantzigintzarena, eta orotarik badago ere, batzuek markatzen dituzte modaren konpasak. Hilabete batzuk igaro ostean, arropa horiek desagertu egiten dira aldizkarietako argazkietatik, negozioa baita moda bera. Badira, ordea, jantziak edo osagarriak beste ikuspuntu batetik abiatuta sortzen dituzten diseinatzaileak. Fabrikazio masiboaren ordez, esklusibotasunari garrantzia ematen diotenak. Txinan egin ordez, hemen egiten dituztenak. Azpeitian ere badago moda.

Estitxu Aginagalde: "Erraza ez, baina polita da"

Adina: 40 urte. Marka. Mxuk.

"Ia beti modaren inguruan ibili naiz. Lehen ere saiatu nintzen proiektu bat abiatzen, zerbait egiten, baina asko kostatu zitzaigun eta ez genuen aurrera egin. Gero, umeak lo egiten hasi zirenean, ikastaroak-eta egiten hasi nintzen. Denbora libre gehiago nuenez, patroigintzako ikastaroa ere egin nuen, baita goi mailako ziklo bat ere. Horrela, 40 urte nintuela ohartu nintzen arte. Formazioari eta lan munduari begiratuta, arropaz inguratuta nago. Arropak egitea, sortzea, gustatzen zait, eta hor nabil, hasten.

Urtebete inguru daramat Mxuk markarekin. Izen hori jarri nion, mezu elektronikoen bukaeran mxuk jartzen nuelako agurtzerakoan. Azken saltoa webgunea martxan jartzea izan da. Webgunea eskaparatea da, nolabait esateko. Saltoa izan da egindakoa erakustea, beti ematen du-eta beldurra eta lotsa.

Kolekzioka funtzionatzen dut, hogei bat pieza ditut, eta une honetan produktuak erakusten ari naiz. Webgunea (www.mxuk-madewithlove.com) finkatuta daukat, eta jendeak horren bidez egiten dizkit eskaerak. Aurrera begirako helburua da on line denda jartzea. Bezeroek han ikusi ahal izango dituzte produktuak, neurriak, prezioak... Hori izango da hurrengo pausoa, eta nahiko nuke otsail alderako martxan edukitzea.

Orain dendetan saltzen dut, eta bestela webgunearen bidez. Sare sozialak ere erabiltzen ditut. Hasten ari naiz, tokia egiten. Dena den, modan dago moda egitea, eta pixkanaka joan behar da.

Azpeitian daukat lokala. Bertan ditut makinak eta patronajerako gauzak. Nire asmoa da dena, prozesu guztia, hemen egindakoa izatea. Made in Basque Country eta mimatutako produktua izatea. Diseinatu eta patronatu nik egiten dut, eta zenbait estanpazio ere bai. Gauza batzuk ondo ateratzen dira eta gaizki besteak. Dena pertsona batek egitea zaila da. Hemengo tailerretara eramaten dut arropa jostera, baina horiek ere gutxi dira egun, Txinara bidaltzen delako arropa jostera. Jantzien prozesua luzea da, eta esku asko behar dira. Erraza ez, baina polita da. Fase guztiek dituzte zailtasunak, baina produktu on horretara iristea da zailena.

Polita da moda mundua, baina zaila da. Burugogorra izan behar da aurrera egiteko. Izan ere, emaitzak ez dira lehenengo egunean etortzen. Dena den, egin daiteke zerbait, bestela ez nintzen saiatzen ariko.

Konpetentzia ere izugarria da. Arropa merke asko dago, kanpoan egindakoa oso merke saltzen da, eta hemen ezin da hori egin. Ezin da horiekin leihatu. Enpresa handiak, ikaragarriak dira, eta tokia ondo eginda dute. Hori kontuan hartuta aurkitu behar duzu zeure publikoa. Merke horren bila ez doana.

Aurrekoan alabarekin denda batera joan nintzen. Aurpegi arraroa jarri zidan. Hark bere lagunen arropa berdina nahi du. Baina bada hori nahi ez duen, beste zerbait nahi duen, jendea. Hor dago sormenarentzat tokia.

Ziur nago kontzientzia hori duenari poltsikoak ez diola laguntzen. Gauden moduan gaude eta. Produktua gustatzean dago gakoa. Egiten duzuna zaintzen baduzu, polita bada eta iristea lortzen baduzu... egin daitezke gauzak. Baina zailena hori da, jendearengana iristea.

Bigarren etapa batean nago, eta horrela segitzeko epemuga jarrita daukat. Bi urte amesteko eta dena emateko. Behintzat, probatu gabeko arantzarekin ez naiz geratuko".

Liebe Azkue eta Idoia Salsamendi: "Dena eskuz egiten dugu"

Adina: 26 urte. Marka: Zindagi.

"Uda bukaeran sortu genuen Zindagi marka. Zindagi hitzak bizitza esan nahi du hindiz -Indiako hizkuntza-. Gure helburua da hango eta hemengo modak uztartzea. Hango oihalak eta hemengo diseinuak, hain zuzen. Bi biziak elkartzeko modua da. Asko gustatzen zaigu esanahia, eta baita hitza bera ere, euskarazkoa dirudielako.

Nik, Idoiak, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Ingeniaritza Teknikoa egin nituen. Gero, Indian pasatu nituen bi urte kanpo merkataritzan lanean. Liebek, moda diseinua ikasi zuen, eta komunikazioko masterra egin ostean, Madrilen igaro ditu bi urte komunikazioko agentzia batean lanean.

Beti pentsatu izan dugu modaren inguruan zerbait egitea. Liebek marka sortu nahi zuen, eta nik Indiako egonaldiarekin lotutako zerbait egin. Egia esan, ez genekien nondik hasi.

Elkarrekin proiektua abiatzea erabaki genuen, modak dituen bi aldeak bete genitzakeelakoan. Batek Indiako merkatua ezaguttzen zuen, eta besteak hemengo moda.

Nik, Liebek, lehen ere hasi nuen proiektu bat, baina ikusi nuen produktuak sortzea gauza bat dela eta horiek saltzea bestea. Saltzen ez jakitea hutsune handia da.

Zindagi markako produktuak Indiako oihalez egindakoak dira. Hasieran gaude, eta oraingoz biok Indiara egindako bidaietatik ekarritako oihalekin ari gara lanean. Dena den, aurki hara joan beharko dugu materiala erostera, eta gero, agian, hemendik hasiko gara eskaerak egiten. Artisau lana egiten dugu. Ondo zaindutako produktuak dira, eta hori bultzatu nahi dugu; eskuz egindakoak dira, hasieratik bukaerara. Detaileak asko zaintzen ditugu, eta produktu bakoitza bakarra da. Gainera, produktu bakoitzak istorio bat du atzean. Bezeroek atzean dagoen lana baloratzea nahi dugu. Horretarako gakoetako bat da jendearekin komunikatzea.

Lieberen lanak dira produktuaren diseinua,  prozesua eta sare sozialen eguneratzea. Idoiak, berriz, atzeko lan guztia egiten du, komertzial lana eta. Dena den, biok toki berean egoten gara, eta elkarri laguntzen diogu, aholkuak emanez. Erabakiak bion artean hartzen ditugu. Oso desberdinak gara, baina elkar ulertzen dugu. Elkarlaneko proiektua da, baina bakoitzak bere funtzioak ditu.

Moda mundua suspertzen ari dela dirudi. Jendeak sinesten du bertako produktuekin, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Jendeak made in China alde batera utzi nahi du. Jendeak geroz eta gehiago estimatzen du bertakoa, eta ekoizpena zertxobait igotzen ari da. Gehiago ordaintzeko prest dagoen jendea bada, baldin eta produktuei made in hemen jartzen badio. Garrantzitsuena da merkatuan hutsuneak aurkitzea, guk ezin dugu-eta Inditex bezalakoekin lehiatu.

Pausoz pauso joan behar da, eta gu oso makal goaz. Ilusioarekin hartu dugu, biok dugu-eta gustuko. Argi dugu, hutsunea topatuz gero, produktu onarekin eta transmititzeko gaitasunarekin, egin daitekela aurrera. Egon dira kasuak, baina sektore zaila da moda.

Bi hilabete daramatzagu proiektuarekin, eta ezin dugu esan ez ikaragarri ondo goazela, ez gaizki goazela. Ari gara, pixkanaka. Dagoeneko denda batzuetan jarri ditugu produktuak saltzen, ikusteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Oraingoz, besteak beste, Azpeitiko Koket dendan ditugu salgai produktuak, eta gero on line saltzea ere bada gure asmoa.

Zailtasun asko ditugu egunerokoan. Saiatzen gara herrian erosten materiala, baina... Bestalde, ekoizleekin hitz egiten dugunean oso txiki sentitzen gara, izugarrizko eskarietara daudelako ohituta. Zerotik hasten gara egunero, inoiz ez dugu jakiten bihar zer etorriko den, baina asko ikasi dugu.

Hala eta guztiz, horretaz bizi nahiko genuke. Nahiko genuke bezeroek gure produktua aintzat hartzea eta erostea badakitelako gu nortzuk garen eta produktu horiekin identifikatuta sentitzen direlako. Gu arriskatuko gara. Ondo ateratzen bada, nahi bezala biziko gara. Gaizki ateratzen bada, berriz, asko ikasi dugula esan eta beste zerbaiten bila hasi beharko dugu".

Xanti Alkorta: "Hankak lurrean ditut"

Adina: 25 urte. Marka: Xanti Alkorta

"Moda arloan lehen kontaktua patroigintza industrialarekin izan nuen. Lau urtez jantzigintzaren xehetasun teknikoa aztertzen aritu nintzen. Josteak bere lana du, eta ordu askoko praktikaz gain, matematika eta giza-anatomia ulertzea ezinbestekoak dira deseinuak eraikitzeko. Ondoren, irudi aholkularitza ikasketak egin nituen, neure irudia eta adierazpen artistikoa lantzeko asmoz.

Txikitan, moda beharrean, antzerkia gustatzen zitzaidan. Aktore izan nahi nuen. Neure burua artistatzat nuen, baina hamar bat urte nituela, Zarauztik bueltan, Getaria parean, amak kontatu zidan han jostun bat jaio zela: Balentziaga. Jakin-mina sortu zidan kontu hark, eta museoa bisitatu ostean zenbait aldaketa eman nuen neure baitan. Lilura eta pasioa sortu zitzaizkidan.

Ordutik gaur arte proiektu desberdinetan aritu naiz. Errodajean aritu naiz, eta baita Hakei arropa markarekin lanean ere. Argazkigintzan ere egin dut lan eta laburmetraietan nahiz telebistako spot-etan ere bai. Ametsa litzateke film edo antzerki talderen bateko arropak diseinatzea. Eta, kamera aurrean ere arituko nintzateke, ez nau izutzen.

Lehen sortu nuen marka bat: Dexaxtre. Oraingoan, ordea, pertsonalagoa sortu dut. Neure izena, Xanti Alkorta, jarri diot markari. Erronka berria da, eta zerbait desberdina egin nahi dut arropekin, sentsazio berriak kontatu. Diseinu ororen atzean izan ohi da istorio bat, eta nortasuna erakustea gustatzen zait. Orain arte neurrira egin izan ditut jantziak, eta harrera ona izan dute, egia esan. Egin ditut ezkontzetarako soinekoak edo Elegante Egunerako trajeak, eta esperientzia oso ona izan da. Noizbait elegante trajeen kolekzio bat egitea nahi dut, niretzat festa berezia delako.

Nire jaiotza artistikorako film labur bat egin dut. Markaren ikurra Alkortatarren armarria da, eta bertan irla bat agertzen da. Idilikoa iruditu zitzaidan. Jantziak dira narratzaileak, eta nortasuna galduta duen neska baten berpiztearen istorioa kontatzen da bertan. Erronka izugarria izan da, grabatzeko Italiako Stromboli uhartera joan gara eta.

Finean, Xanti Alkorta markaren diseinuaren atzean filosofia eta nortasun jakin batzuk eraiki ditut, nire printzipio artistikoaren eta moda eskaintzaren artean oreka sortzeko. Urte berriarekin batera aurkeztuko dut marka, eta udaberrian kaleratuko dut lehen kolekzioa.

Hala ere, lanbide guztietan bezala, gogorra da lehen pausoa ematea. Beraz, pentsa, tokia egitea zenbat kostatuko den. Errazagoa litzateke laguntzak bagenitu, eta lan eskaintzak ere urriak dira. Hankak lurrean ditut, baina grina eta gogoa ez zaizkit falta, eta nonbait izango da tokia.

Bizirautea da nire helburua. Zaila da helburuak finkatzea, eta egunean egunekoa bizi dut. Neure arropak egiten nabil buru-belarri. Egia esan, horrexek, neure marka sortzeak, bertigoa sortu izan dit, eta hori dut epe laburrerako xedea".

Ilazki Lili: "Asmoa azoketara joatea da"

Adina: 27. Marka: Biziki.

"Moda eta patroigintzako modulua egin nuen. Betidanik eduki dut moda munduan zerbait egiteko gogoa. Txikitatik josi izan dut etxean genuen makinarekin; panpinentzako arropak lehenengo, eta nerabezaroan neure arropentzako konponketak egiten nituen. Hori dela eta erabaki nuen ikasketa horiek egitea.

Ikasketak bukatu ostean, serioago hasi nintzen. Lana bilatzeko ez da mundu erraza eta, egia esan, ohiko moda mundua ez zait gehiegi gustatzen. Leihakortasun handia dago eta askotan oso azalekoa da. Moda gustatzen zait, baina zertxobait alternatiboa denean. Artisau azokak eta, esaterako, asko gustatzen zaizkit. Nire asmoa da azoketara jotzea, eta horietan produktuak saltzeko tokia bilatzea, zerbait desberdina eskainiz.

Biziki marka eskolako proiektu baterako sortu nuen. Egia esan, markaren sortze prozesuari ez genion denbora gehiegi eskaini, eta pentsatu nuen proiektuari berriz serio eustea, nahi nuelako zerbaitekin hastea. Iaz, Gabon inguruan, eman nuen lehenengo pausoa. Azoketan hasi nintzen neure arropak eta osagarriak saltzen. Egia esan, oso ondo joan zen salmenta, eta horrek asko bete ninduen. Orain nire asmoa da izen horrekin jantziak egin eta marka horren pean zerbait desberdina eskaintzea. Marka erregistratu nahiko nuke aurrerago, eta txoko bat aurkitzea ere gustatuko litzaidake. Asmoa da artisau lana bertan egin eta saltzea, eta bezeroari aukera ematea neurrira egindako arropak eska ditzan.

Bestalde, ikastaroak ere ematen ditut. Iaz patroigintzakoa eskaini nuen Gaztelekuan; bi talde osatu ziren eta gustura aritu nintzen. Aurten, berriz, arropei bizi berria emateko ikastaroa antolatu dugu. Etxean ditugun eta erabiltzen ez ditugun arropak moldatzen ditugu bertan. Gustatzen zait ikastaroak ematea, eta jendeari erakustea gauza asko ez dela behar gustuko arropak-eta sortzeko. Beraz, ikastaroekin ere jarraitu nahi dut aurrerantzean. Ea zortea dagoen.

Hori bai, modaren mundua zaila da izatez. Lana aurkitzea ere zaila da arlo horretan, egun beste sektore askotan aurkitzea zaila den moduan. Kontua da zein den bakoitzaren helburua. Modatik bizitzea, izugarrizko soldatarekin, oso zaila da. Baina asmatzea da kontua. Zer eskaini nahi duzun asmatzea da gakoa. Nik gustukoan lan eginez bizi nahi dut. Ez dakit konponketak egiten edo nire arropa saltzen arituko naizen, baina badakit nondik jo nahi dudan. Marka sortzea eta horrekin hastea da lehenengo pausoa, eta gero gerokoak.

Nire buruarekin konfiantza hartzea kostatu zait gehien. Arrotza da egin behar den lana, eta lan hori jendeari ulertaraztea zaila da. Egiten dudana baloratzeak ere lanak eman dizkit; egindakoari prezioa jartzeak. Beti behera jotzen dut, eskuragarri jarri nahi izaten dut, baina nire lana ere baloratu beharko dut. Dena den, lan pixka bat debalde egin behar da, tokia egiten hasteko.

Hala eta guztiz, uste dut, jendeak artisau azoketan-eta asko baloratzen duela egindako lana. Produktuei beste begi batzuekin begiratzen diete, eta baloratzen dute artisauen lana. Baina denok gaude ohituta arropa prezio batzuetan erostera, eta zaila da ulertzea josten edo patronatzen dagoen lana zenbaterainokoa den. Saiatzen naiz patroi sinpleak-eta egiten, prezioak izugarriak izan ez daitezen.

Hori bai, ohituta gaude arropa denboraldi luzerako eduki beharrean, bi denboraldi pasatzera, nazkatzera eta botatzera. Horregatik, ohialak-eta merkeago aurkitu behar izaten ditut. Zentzu horretan, baditut neure kontraesan txikiak".