Iraurgi Ikastetxeak bihar, zapatua, ospatuko du Gabon jaialdia

Uztarria.eus 2014ko abe. 12a, 12:50

Izarraitz pilotalekuan izango da, 17:00etan hasita. Ikastetxeko arduradunek jaialdira ikusle gisa joango direnei zuzendutako hainbat gomendio eta ohar plazaratu dituzte.

Bihar, abenduak 13, ospatuko du Iraurgi Ikastetxeak aurtengo Gabon jaialdia. Urtero bezala, maila eta adin ezberdinetako ikasleek musikaz eta koreografiaz hornitutako hainbat saio eskainiko dituzte. Jaialdia Izarraitz pilotalekuan izango da, 17:00etan hasita.

Ikastetxeko arduradunek jaialdira ikusle gisa joango diren guraso eta bestelakoei zuzendutako hainbat gomendio eta ohar plazaratu dituzte. Honako hauek, hain zuzen:

  1. Jaialdian parte hartuko duten ikasleak 16:30ean sartuko dira frontoira, beheko sarreratik (Egaña gozotegiaren ondokotik). Ikusleak, aldiz, goiko sarreratik (Santutxotik) sartuko dira, edo behekotik, baina ikasle guztiak sartu ondoren bakarrik.
  2. Kantxako sarrera ikasle, irakasle, tekniko, segurtasun eta larrialdietakoentzat erreserbaturik egongo da.
  3. Argazki eta bideo kamera partikularrak ikuslegoaren tokitik bakarrik erabili ahal izango dira.
  4. Segurtasunekoen aginduak zehatz-mehatz beteko dira.
  5. Ikasleren bat jaialdia bukatu aurretik atera behar bada, guraso elkarteko arduradunei eskatu beharko zaie.
  6. Jaialdi bukaeran, ikasleak honela aterako dira: txikienetatik hasita 3. mailara bitartean, ikasleak kantxan egongo dira iladan tutoreekin, eta arduradun bat eskaileretatik kantxara jaitsiko da umea jasotzera, ikastetxean eman zaien txartela erakutsiz; 4., 5. eta 6. mailetakoak kantxatik parke aldera dagoen atetik irtengo dira. Ikaslerik jaso behar ez dutenak Santutxo aldetik aterako dira. Igogailua behar dutenak, berriz, Egaña aldera aterako dira.
  7. Behar duenarentzat, Jesuitinetako patioan aparkatzeko aukera izango da.