Orkatz Libre dinamikak kontzertuak antolatu ditu datozen asteburuetarako

Uztarria.eus 2014ko abe. 12a, 10:20

Bihar, zapatua, lau kontzertu izango dira Orkatz Kultur Elkartean. 17:30ean hasita, Kaluse eta Lockhead taldeek eskainiko dute kontzertua. 22:30ean, berriz, Goragaleak eta Mondocane taldeen txanda izango da.

Orkatz Libre dinamikak hainbat kontzertu antolatu du datozen asteburuetarako. Bihar, zapatua, lau talde izango dira Orkatz Kultur Elkarteko oholtzan. 17:30ean hasita, Kaluse eta Lockhead taldeek eskainiko dute kontzertua. 22:30ean, berriz, Goragaleak eta Mondocane taldeen txanda izango da.

Kaluse taldea azpeitiar bikote batek osatzen du, eta aurreneko kontzertua eskainiko dute bihar. Lockheed, berriz, herriko gazte talde bat da, eta horiek ere aurreneko kontzertua eskainiko dute. Goragaleak Donostiako Intxaurrondo auzoko taldea da, eta Mondocanek Misterioa diskoaren baitako birako kontzertua eskainiko du biharkoan.

Datorren ostiralean, hilak 19, Amamantzat Guapuek eta Bidelapurrak taldeak izango dira Orkatzen, 22:30ean hasita. Urtarrilaren 17an, berriz, Eñaut Elorrietak Soreasu antzokian eskainiko du emanaldia. 

Dagoeneko salgai dira Elorrietaren kontzerturako sarrerak. Aurrez hamar euro ordaindu beharko da eta egunean bertan, berriz, hamabi euro. 

Joan den uztailaren 30ean, San Inazio bezperan, jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko tabernen auzia bezala ezagutzen denaren epaia, eta beste 103 herriko tabernarekin batera, Orkatz Kultur Elkartearen egoitza konfiskatzeko agindu zuen.