Berrikuntzekin dator XIV. San Silbestre lasterketa

Uztarria.eus 2014ko abe. 12a, 10:00
Ezkerretik eskubira: Pedro Muñoz (Xeye), Uxua Ostolaza (Hitza), Manuel Unanue (Udala), Egoitz Arruti (Xeye) eta Pili Villanueva (UTI)

Lehen aldiz jokatuko den patinatzaileentzako proba eta izen-emate merkeagoa dira nagusiak: aurrez izena emanez gero, korrikalariek 8 euro ordaindu beharko dute.

Hamalaugarren urtez jarraian, urte zaharra korrika eginez agurtzeko gonbitarekin dator Azpeitiko San Silbestre herri lasterketa. Xeye Atletismo Taldeak Urola Kostako Hitza-ren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin abenduaren 31rako antolatzen duen proba, gainera, nobedade aipagarriekin dator aurten.

Berrikuntza nabarmenena proba nagusiaren aurretik jokatuko den patinatzaileentzako lasterketa da, "inguruetako bakarra", Xeyeko Egoitz Arrutik ostegun arratsaldean udaletxean egindako aurkezpenean nabarmendu zuenez. "Badira bi urte patinetako lasterketa antolatzeko eskatzen ari direna, eta aurten apustu hori egitera goaz, proba gisa", gaineratu zuen Arrutik, Urolako Trena Irristaka patinatzaile taldeko Pili Villanueva alboan zuela. 11:15ean abiatuko da patinatzaileen lasterketa plazatik eta lasterketa nagusiaren ibilbide bera izango du, 6 kilometrokoa, salbuespen bakarrarekin: bigarren itzulian ere Done Jakue kaletik iritsiko dira patinatzaileak helmugara, ez Erdikaletik. Ezinbesteko baldintza izango dute patinatzaileek kaskoa eta babesak soinean eramatea, "segurtasun kontuengatik". Aurrez izena emanda, 10 euro da patinatzaileek ordaindu beharrekoa; egunean bertan apuntatzen direnez, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dute.

Izena emateko bideak

Egunean bertan izena ematen duten korrikalariek ere ordain bera egin beharko dute, baina izen-ematea aurrez egiten dutenek -hala egiten dute gehienek- iaz baino gutxiago ordainduko dute aurten: 8 euro (iaz 12 izan ziren). Izen-ematea merkeago jartzea izan da, hain zuzen, 2014ko edizioari begira antolatzaileek ezarri duten nobedade aipagarrienetakoa.

Izen-ematearekin lotutako beste aldaketa bat Internet bidezko inskripzioari dagokio. Horrela, aurten www.herrikrossa.com webgunean eman beharko da izena; Internet bidezko izen-ematea abenduaren 30a arte luzatuko da.

Internet ez da, ordea, lasterketan apuntatzeko bide bakarra. Azpeitian, igerilekuan, kiroldegian eta Aitzaki Kirolak dendan ere eman daiteke izena; eta Azkoitian, Plaza Berri Sport dendan. Toki horietan, abenduaren 29an itxiko dute izena emateko aukera. Azkenik, Urola Kostako Hitza-ren Azpeitiko zein Zarauzko egoitzetan, abenduaren 19a arte eman ahalko da sansilbestrerako izena.

Sariak eta zozketak

Aurtengo honetan ere lasterketa "herrikoia" izatea espero dute antolatzaileek. Parte-hartzea sustatze aldera, lasterketaren bukaeran korrikalari guztien artean opariak zozkatuko dituzte eta parte-hartzaile guztiei oroigarri moduan probako elastikoa banatuko zaie; aurtengo modeloa mauka luzeduna izango dela aurreratu dute. Zozkatuko direnak dira: urdaiazpikoak, ardo botilak, Juantxo Txiki eta ISB tabernetan bokatak... Guztira, 300 sari, "zerbait tokatzeko aukera handia izango da, beraz". Eta aparteko beste zozketa bat ere egingo dute: urdaiazpiko bat, egunean bertan salduko dituzten txartelen erosleen artean.

Horrez gain, lasterketa nagusiko lehen hiru gizonezkoei eta emakumezkoei sariak banatuko zaizkie, baita gainerako mailetako lehen sailkatuei ere. Eta Azpeitiko eta Azkoitiko lehen sailkatuek, gizon zein emakume, bi lagunentzako afari bana irabaziko dute, Mikel Uria jatetxean.

Lasteketen programa

XIV. San Silbestre herri lasterketaren berrikuntzekin jarraituz, eskolarte mailako lasterketen hasierako ordutegia da horietako beste bat. Izan ere, aurten gaztetxoenen lasterketak goizago hasiko dira, 10:00etan. Eskolartekoen izen-ematea doan da.

Hau da abenduaren 31ko lasterketen programa:

10:00. Benjamin neskak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.

10:10. Benjamin mutilak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.

10:20. Alebin neskak: 1.300 metro, bi itzuli.

10:30. Alebin mutilak: 1.300 metro, bi itzuli.

10:40. Infantil neska-mutilak: 1.900 metro, hiru itzuli.

11:15. Patinatzaileen lasterketa, plazatik irtenda.

12:00. Lasterketa nagusia. Kadeteek eta jubenilek 3.000 metro, zirkuituari itzuli bat. Gainontzeko guztiek 6.000 metro egingo dituzte, zirkuituari bi itzuli emanda.