Osasun Ibilbideak programa, arrakastatsua

Uztarria.eus 2014ko abe. 11a, 17:30

Bederatzi hilabete daramatza martxan Azpeitibili ekimenaren barruan adinduen aktibitate fisikoa eta autonomia zein giza harremanak bultzarazteko abian jarritako proiektuak. Zazpi lagunekin hasi zen, eta gaur egun 27k osatzen dute taldea.

"Adinduen aktibitate fisikoa eta autonomia zein giza harremanak bultzaraztea da programaren helburu nagusia eta arrakasta handia izan du". Hala diote Udaleko Kirol saileko arduradunek Osasun Ibilbideak programaren gainean plazaratu duten balorazioan. Joan den martxoan jarri zuten abian, Azpeitibili proiektuaren barruan, eta aurreneko bederatzi hilabeteek eman dutenarekin pozik daude arduradunak.

Kirol Sailak emandako datuen arabera, zazpi pertsonekin abiatu zen ekimena eta, gaur egun, 27 ibiltarik osatzen dute taldea, "saio bakoitzean batez besteko 13-15 pertsonen parte-hartzearekin". "Ekimenaren gorakada" eta partaideen balorazioa aztertu ondoren,, programarekin jarraitzea erabaki dute Kirol eta Gizartekintza sailek.

Maider Aizpurua da taldea gidatzen duen begiralea. Haren iritziz, "gaitasun fisiko eta erritmo desberdinak egoteak ez die partaideei inolako baldintzarik suposatu, denek aurkitzen dutelako beren antzera dabilen kideren bat". Arduradunaz gain, programa aurrera eramaten laguntzen duten boluntarioak ere badaude, "eta horiei esker, denek lortzen dute beren helburua betetzea".

Astelehen eta ostegun goizetan

Osasun Ibilbideak ekimeneko pasieretan parte hartzeko izendatutako egun, ordu eta tokian azaltzea besterik ez da egin behar. Eguraldi txarra egiten duenean ere berdin elkartzen dira; horrelakoetan, estalitako instalazioak erabiltzen dituzte hainbat ekintza egiteko.

Astelehen eta ostegunetan elkartzen dira ibiltariak Osasun Ibilbideak egiteko. Sanagustinpean izaten dute hitzordua, 10:00etan, eta saioak 11:30era arte luzatzen dira. Gabonetan ere, abenduaren 25ean izan ezik, saioek berdin jarraituko dute.