Ainara Larrañaga: "Azoka Herritik Xanjuandei Auzolaneanen helburuekin bat dator"

Urola Kostako Hitza 2014ko abe. 11a, 14:37
Ainara Larrañaga XJko kidea.

Azpeitiko I. Kooperazio Astea antolatu dute larunbatean hasi eta abenduaren 20ra bitartean. Herrian kooperazioko proiektu desberdinetan ari diren eragileek hartuko dute parte. Asteari bukaera hilaren 20an Sanjuandegin egingo duten Azoka Herritik, herria auzoetatik lelo hartuta egingo den egun osoko ekitaldiarekin emango zaio. Ainara Larrañaga (Azpeitia, Sanjuandegi, 1990) Xanjuandei Auzolanean-eko kidea da.

Iaz haurrei zuzendutako bigarren eskuko azoka egin zenuten auzoan, eta aurten apustu berri bat egingo duzue. Zergatik?

Azken bi urteetan Azpeitiko kalean Azoka Herritik egin izan da, eta aurten Gabonak aurretik Sanjoandegin egitea proposatu ziguten. Hasieran, bigarren eskuko azoka zabalago batekin pentsatzen hasi ginen, denetako materiala jasoz eta salduz. Gero, ordea, baserritarrak eta herriko artisauak gonbidatu genituen parte hartzera, eta animatu egin ziren. Pixkanaka handitzen joan da, eta gauza dezente gehitu dira. Azpeitiko Kultur Mahaiak ere parte hartuko du, eta hainbat ekintza antolatuko dituzte egunean zehar. Gainera, Kooperazio Astearen azken eguna izango denez, munduko jolasak eta ipuin kontaketa bat ere egongo dira; euskaratutako Nepalgo ipuin bat kontatuko dute.

Azkenean, azoka handi bat.

Bai, ez genuen espero horrelako bolumena hartuko zuenik, baina eragileak gehitzen joan dira eta baita parte hartzea ere, eta ekintza piloa eta era askotako postuak egongo dira.

Azoka Herritik, herria auzoetatik lelo hartuta antolatu duzue.

Xanjuandei Auzolanean elkartearen helburu nagusia auzoa biziberritzea da, edozein ikuspegitik auzoan bizia egotea da gure nahia. Gero, horren barruan beste xede batzuk baditugu: gai sozialetan jardutea, euskara bultzatzea, auzo izaera sortzea... Azkenean, proiektu hau gure helburu guztiekin bat dator: azoka euskaraz egingo da, beharrean daudenen egoerari begira bigarren eskuko azoka egingo da, eta bertako dendak, artisauak eta baserritarrak bultzatzeko ere bada.

Elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.