Gabonei lotuta, egitasmo ugari izango da gaurtik aurrera herrian

Uztarria.eus 2014ko abe. 11a, 13:11
Gabonetarako hainbat ekimen antolatu dute Udalak eta herriko eragileek.

Bertan merkatarien elkarteak, Kultur Mahaiak eta Udalak hainbat egitasmo antolatu dute Gabonetarako. Besteak beste, herriko dendetan zozketak, umeentzako parkea, zine zikloa, aisialdi eskaintza, Badator Olentzero ikuskizun berezia eta Azoka Herritik izango dira datozen egunetan eta asteetan herrian.

Gerturatzen ari dira Gabonak, eta aurten ere, Bertan merkatarien elkarteak, Kultur Mahaiak eta Udalak hainbat ekimen antolatu dute elkarlanean egun horietarako. Gaur, osteguna, piztuko dituzte kaleko argiak, eta horrekin emango zaie hasiera Gabonetako kanpainari eta ekimen bereziei. Iñaki Portilla zinegotziak esan duenez, "azken urteetako moduan, kontsumo baxukoak dira kaleetako argiak".

Gaurtik aurrera, beraz, egitasmo ugari izango da herrian. Hala nola, Azoka Herritik berezia, herriko dendetan zozketak, haur eta gaztetxoentzako aisialdi eskaintza eta zine emanaldiak, eta Olentzeroren inguruan herriko taldeek prestatu duten ikuskizuna. 

Azoka Herritiken Gabonetako edizioa abenduaren 20an izango da Sanjuandegin. Bertan egun osoko egitarauaz gozatu ahal izango da. Beste batzuen artean, jakien eta produktuen postuak, kale animazioa, artisauen eskaintza zabala, tailerrak zein bigarren eskuko azoka izango dira. Gainera, abenduaren 22an eta 24an herriko eta inguruetako artisauek euren lanak salduko dituzte udaletxe apian jarriko dituzten postuetan.

Horrez gain, herriko kultur talde desberdinek elkarlanean Badator Olentzero ikuskizun berezia taularatuko dute abenduaren 19an, Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko Sanagustin kulturgunean. Hiru euro ordaindu beharko da.

Bertan erostea sustatzeko

Urteroko legez, Bertan Merkatari Elkarteak hainbat ekimen egingo du Gabonen bueltan, "herritarrek bertako dendetan-eta erostea bultzatzeko". Elkarteko merkatariek zozketa bereziak egingo dituzte, eta guztira 2.000 euro banatuko dituzte erosketa txarteletan. Abenduaren 22an egingo dute aurreneko zozketa, eta 500 euroko, 200 euroko eta 100 euroko txartel bana zozkatuko dute elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean. Bigarren zozketa hilaren 29an egingo dute, eta 200 euroko bi txartel eta 100 euroko bat zozkatuko dituzte. Hirugarren eta azken zozketa, berriz, urtarrilaren 5ean egingo dute, eta 500 euroko erosketa txartel bat eta 200 euroko beste bat zozkatuko dituzte.

Horrez gain, Udalarekin elkarlanean, erosketa bonoa aterako du aurten Bertanek. 40 euro ordainduta, hamar euroko bost txeke jasoko dituzte herritarek eta, beraz, 50 euro izango dituzte herriko denda guztietan gastatzeko. Bono horiek NKN, Trapos, Kukua eta Martija parafarmazian zein Bertanen bulegoan erosi ahal izango dira. Bonoa erosi nahi duenak NANa aurkeztu beharko du dendan, eta pertsonako bi eskuratu ahal izango dira. 300 bono kaleratu dituzte, eta gastatu bitartean egongo dira salgai. Abenduaren 15ean, astelehena, jarriko dituzte saltzen.

Gaztetxoentzako aisi eskaintza

Umeentzako ekimenek tarte zabala dute Eguberriaren bueltarako antolatu duten egitarauan. Horrenbestez, abenduaren 22an, 23an, 26an, 27an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an nahiz 3an Gabonetako haur parkea irekita izango da Izarraitz pilotalekuan. Egunero egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara. Hamar urte bitarteko haurrentzako izango da parkea, eta bi euro ordaindu beharko da sarrera. Bertan Merkatari Elkarteak antolatzen du umeentzako parkea.

Bestalde, Udaleko Gazteria sailak bost eta hamazortzi urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat programazio berezia antolatu du Gabonetarako. Abenduaren 22an, 23an eta 26an egitasmo desberdinez gozatu ahal izango dute. Herrigunean ez ezik, Urrestillan ere eskainiko dute programazioa. Besteak beste, ikuskizunak, Olentzeroren etxera bisita, perkusio tailerra, Txuri Urdinera irteera, Gabonetako postalen tailerra zein talde jolasak egingo dituzte hiru egun horietan, adinaren arabera.

Izena emateko azken eguna bihar, ostirala, izango da. Interesa dutenek Gazte Informazio Bulegora joan (Plaza Txikia, udaltzaingoaren ondoan), deitu (943 15 71 60) edo gib@azpeitia.net helbidera idatzi beharko dute.

Haurrentzako zine zikloa

Duela urte batzuk egiteari utzi bazioten ere, aurten haurrentzako euskarazko zine zikloa berreskuratuko du T3. Zine Klubak. Hala, urtarrilaren 2an, 3an eta 4an haurrentzako zine emanaldiak izango dira Soreasu antzokian, eta emanaldi bakoitzerako sarrera hiru euro ordaindu beharko da.

Urtarrilaren 2an, ostirala, Friends: Abentura munstroen uhartean filma ikusi ahal izango da Soreasun. Urtarrilaren 3an, zapatua, Dragon Ball Z; Battle of gods filma emango dute, eta urtarrilaren 4an, igandea, berriz, Dixie eta matxinada zonbia ikusteko aukera izango da.

Horrez guztiaz gain, Auzokoak dantza ikuskizuna izango da urtarrilaren 10ean, zapatua, Soreasu antzokian. Traversee konpainiak eskainiko du emanaldia, 16:30ean hasita. Lau urtetik gorako umeentzako ikuskizuna izango da, eta hiru euro ordaindu beharko da sarrera.