Azpeitiko I. Kooperazio Astea egingo da abenduaren 13tik 20ra

Uztarria.eus 2014ko abe. 11a, 10:05

Herrian kooperazio gaietan lanean diharduten talde eta elkarte ezberdinetako lagunek bat egin eta Azpeitiko I. Kooperazio Astea antolatu dute. Abenduaren 13tik 20ra hainbat hitzordu izango ditu I. Kooperazio Asteak: hitzaldia, mahai ingurua, pelikulak, herriko ikastetxe eta ludoteketan haurrekin lanketak, Saharar Errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko eta herriko beharrakasetzeko janari bilketa...

PeruEkin, Chernobilen Lagunak, Nava Jeevan, Mixio Taldea, Child Bright Fundazioa, Euskal Herria-El Salvador, Behar Bidasoa eta Khamar Sahara elkarteetako kideak dira, Udalarekin batera, ekimena antolatu dutenak. Azpeitiko I. Kooperazio Astearen berri ematerakoan gogora ekarri dutenez, joan den iraileko Azoka Herritiken baitan egin zen Ideien Azokan ernamuindu zen orain gauzatzera doazena. "Azpeitiko herrian hainbat arlotan lanean aritzen garen elkarte eta eragile ezberdinetako kideek hartu genuen parte Ideien Azoka hartan. Herrigintza deitu zitzaion elkar ezagutzeko gunean, kooperazio gaietan lan egiten dugun elkarte ezberdinetako kideek elkar ezagutu genuen. Eta elkarrekin, egiten duguna ezagutzera emateko, zerbait antolatzea bururatu zitzaigun. Hortik sortu zen kooperazioko gaien inguruko aste bat antolatzeko ideia", azaldu dute.

Egitaraua

Astea aurkezteko, besteak beste, goiko bideoa egin dute. Eta prestatu duten egitaraua hau da:

Abenduak 13, zapatua

17:00. Chernobilen lagunak Ane eta piratekin parrandan emanaldia, Soreasun. Sarrera: 5 euro.

Abenduak 16, asteartea

19:00. Kooperazioaren gaineko mahai-ingurua, Baigeran.

Abenduak 17, asteazkena

19:00. Memoria historikoaren gaineko dokumentala eta hitzaldia, Sanagustinen (sarrera doan).

Abenduak 18, osteguna

21:00. Señor G laburmetraia eta Separated film luzea, Soreasun. Sarrera: 3 euro.

Abenduak 19, ostirala. Janari bilketa eguna

18:00. Bidezko Merkataritzako dendaren irekiera.

21:00. Afari solidarioa, Gaztetxean, 7 euroren truke.

Abenduak 20, zapatua

16:00. Haur jolasak, Sanjuandegin.

17:30. Txokolatada, Sanjuandegin.

18:00. Ipuin kontaketa saioa, Sanjuandegiko ludotekan.

Egun horretan Sanjuandegin egingo den Azoka Herritik-en kooperazioari eskainitako postua jarriko dute.

Astean zehar, Azpeitian kooperazioan dabiltzan elkarte ezberdinek egiten duten lanaren inguruan osatutako erakusketa jarriko dute Sanagustin kulturgunean. Ikastetxe eta dendetan, berriz, janari bilketa egingo dute.