Aste honetan bukatuko da Gazteriaren Gabonetako programazioan izena emateko epea

Uztarria.eus 2014ko abe. 10a, 16:53

Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzakoek, Urrestillan antolatu dituzten ekintzetan parte hartu nahi dutenek bezala, ostirala izango dute apuntatzeko azken eguna; DBHkoek eta Batxilergokoek, berriz, zapatua.

Udaleko Gazteria Sailak Gabonetako oporraldirako ekintza eskaintza zabala prestatu du aurten ere herriko ume eta gaztetxoentzat. Haur Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta Batxilergoko 2. maila artekoek dute parte hartzeko aukera. Horretarako, ordea, aurrez izena eman behar dute, eta hori egiteko epea aste honetan bukatuko zaie guztiei.

Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzakoek, Urrestillan antolatu dituzten ekintzetan parte hartu nahi dutenek bezala, ostirala (abenduak 12) izango dute apuntatzeko azken eguna; DBHkoek eta Batxilergokoek, berriz, zapatua (abenduak 13). Izen-emate orriak Gazte Informazio Bulegoan (Plaza Txikian, Udaltzaingoaren aldamenean) entregatu behar dira. Informazio gehiago edota zalantzak argitzea nahi dutenak ere hara joan daitezke (943 157160 telefonoa; e-posta: gib@azpeitia.net).

Abenduaren 22an, 23an eta 26an izango dira Gazteriak Gabon hauetarako prestatu dituen ekintza ezberdin guztiak.