Manu Urbietari, ukitu batean

Azpeitia Cup 2014ko abe. 10a, 11:46

Joan den astean Manu Urbieta futbol jokalari ohiak, psikomotrizistak eta kirol entrenatzaileak kaleratutako iritzi artikuluari erantzun dio Azpeitia Cup-ek.

Lehenbizi, gure errespetu osoa zure iritzi eta teoria guztiei. Baina egia osoaren jaberik ez denez, guk ere gure iritzia plazaratu nahi genuke. Haurren heziketa ez da matematika, ez da zientzia zehatza, eta zure teoriek jarraitzaile ugari duten bezala, haurren heziketa beste era batera ikusten dugunok, beste jokabide bat dugu. Eta zuek eta guk, denok lortu nahi duguna, futbolaren eta kirolaren bidez haurraren heziketa eta zoriona da.

Azpeitia Cup-ek antolatzen duen 3x3 torneoa ez duzu gustuko eta horretarako zure arrazoiak dituzu. Guztiz errespetagarria. Azpeitia Cup futbolarekin eta haurrekin gozatzen duen lagun talde bat da. Inolako diru irabazi asmorik ez dugu eta antolatzen ditugun ekitaldi guztietan ateratzen dugun diru apurra, beste ekitaldi batzuk antolatzen inbertitzen dugu. Haurren ilusioa eta irribarrea dira gure ordainik onenak.

Futbolaren mixeriak azaleratu nahi diren garai honetan, futbola haurren heziketarako dagoen bitartekorik onentsuenetakoa iruditzen zaigu. Futbolaren baloreak adin, arraza, kolore eta kultura guztietako haurrak elkartzeko bitarteko ezin hobeak dira. Eta haurrek futbolean jolastuz jokatzen eta lehiatzen ikasten dute, irabazten eta galtzen, aurkaria eta laguna errespetatzen.

Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, futbola aitzakia hartuta, bost urtetik hamaika urtera bitarteko neska-mutilentzat era guztietako ekintzak antolatu ditugu. Neska-mutikoek futbolean jolastu-jokatzearekin batera, trikitia, bertsoak, pailazoak eta beste abar luze bat izango dute gozagarri. Baldar ala trebe, mehe ala gizen, txuri ala beltz, kristau ala musulman, berdin da, denok izango zarete ongietorriak. Denok tratu berdina jasoko duzue, denok sari berdinak izango dituzue, denok partida kopuru berdina izango duzue. Eta ongi pasatzen baduzue, zuek izango zarete gure txapeldunak.

Eta, zu ere Manu gonbidatuta zaude. Zatoz, ikusi antolatzen duguna, elkar ezagutuko dugu eta haur zein gurasoen aurpegiak ikusiz, lana ondo egin dugun ala ez, lagun giroan eztabaidatuko dugu. Noski, bazkaria gure kontu. Haurrak tarteko direnean, arrazoia nork izan eztabaidatzeak zentzurik ez du. Zuek eta guk, denok egingo ditugu hankasartzeak, baina denon asmo bakarra haurarren zoriontsasuna lortzen saiatzea izan behar du. Besarkada bat.