'Gune' eta 'Jopijo' taldeek jokatuko dute Bertso Parrandako finala

Urola Kostako Hitza 2014ko abe. 9a, 11:54
Bertso Parrandako kanporaketa bateko argazkia.

Gaztetxean izango da finala ostiralean, hilak 12, 23:00etan hasita. Jon Gurrutxagak, Nekane Zinkunegik eta Ugaitz Beristainek osatzen duten Gune taldeak aurrez aurre izango du Jokin Sudupe Pio-k, Jon Ander Iriondok eta Jokin Urangak osatzen duten Jopijo taldea.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Bertso Parrandak baditu finalistak: Jon Gurrutxagak, Nekane Zinkunegik eta Ugaitz Beristainek osatzen duten Gune taldeak aurrez aurre izango du Jokin Sudupe Pio-k, Jon Ander Iriondok eta Jokin Urangak osatzen duten Jopijo taldea. Finala ostiralean, abenduak 12, izango da. Bi urtez behineko gisan, Azpeitiko Gaztetxean egingo dute saioa, 23:00etan hasita.

Ostiralean egin zuten finalerdian sailkatu ziren Iriondo, Uranga eta Sudupe finalerako. Errezilgo Borondegin jokatu zuten saioa, Eneritz Arzallus, Maddi Gallastegi eta Josu Oiarzabal Xenpelar-en aurka. Urangaren arabera, "saio polita" izan zen Errezilgoa. Hasierako agurra talde bakoitzak berea egiten badu ere, ostiralekoan bi taldeek batera egitea erabaki zuten, eta ondoren, ohiko saioari ekin zioten; ofizioetan aritu ziren bertsolariak, eta ondoren koplen txanda iritsi zen. Urangaren iritziz, besteak baino hobeto ibili ziren koplatan; "hor irabazi genuen saioa", esan du. Ohi bezala, oinak emanda ere aritu ziren bertsotan.

"Jende dezente" elkartu zen Borondegin, eta orain arteko saiorik politenetakoa izan zela azpimarratu du Nekane Zinkunegi bertsolari errezildarrak. Urangak, berriz, honakoa esan du ostiraleko saioaren inguruan: "Kalean jende gutxi dagoen garai hauetan, halako ekintza bat bizpahiru hilabetetan antolatzen jardun eta Errezileraino joatea pozgarria da".

Ostiralerako nahiak

Urangak aitortu du aurten ez zela Bertso Parrandan parte hartzekoa, baina izan diren bajen eraginez, taldeak osatu egin behar izan dituztela. Taldean Sudupe eta Iriondo ditu alboan, eta ostiraleko finalari begira, haiek duten "ilusioa" partekatzea da bere nahia. "Bertso eskoletako nire ikasleak dira, eta saioa eurekin partekatzea da daukadan ilusioa". 

Gune taldea, berriz, azaroaren 28an sailkatu zen finalerako, Azkoitiko Zurt tabernan egin zuten saioan. Zinkunegi taldekidearen arabera, "talde indartsua" da ostiralean aurrez aurre izango dutena: "Errezilen erakutsi zuten sendo daudela. Ez dugu uste irabazteko aukera handirik izango dugunik, baina ondo pasatzeko aukera izango dugu. Azpeitiko Gaztetxea plaza ona da abesteko, eta giro ona ziurtatuta egongo da". Horiek ere "final ona" egitera joango dira Gaztetxera.

Bi urtetik behin jokatzen da Erniarraitzek antolatzen duen Bertso Parranda. Aurtengoa zazpigarren aldia da, eta hiru bertsolariz osatutako zortzi talde aritu dira bertsotan Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen, eta urriaren amaieratik lau kanporaketa jokatu dituzte, eta han erabaki dituzte finalerako bi taldeak. Antolatzaileen arabera, ekimenak erantzun ona izan du aurten ere, hasieran izaten zuen harrerarekin alderatu ezin badaiteke ere, "garaiak ere aldatu egin direlako". "Oro har jendea etorri da, eta gustura gaude erantzunarekin".