Jabi Agirre atera da espetxetik

Uztarria.eus 2014ko abe. 9a, 11:35
Jabi Agirre, igande iluntzean herrian.

Igande goizean atera zen Agirre Sevilla II espetxetik, eta iluntzean iritsi zen herrira. Hamabi urtez egon da espetxean azpeitiarra, ETAko talde bati laguntzea eta armak edukitzea egotzita. 

Igande goizean utzi zuten aske Jabi Agirre Odriozola (Azpeitia, 1972) azpeitiar presoa. Agirre 2003tik egon da preso, ETAko talde bati laguntzea egotzita, eta zigorra bete ostean, igandean atera zen Sevilla II espetxetik. 

20:30ak aldean iritsi zen Azpeitira, eta senide eta lagunekin elkartu zen bertan. Alde Zaharrera iritsitakoan txalo artean hartu zuen hainbat herritarrek Agirre. 

2001eko urrian aldegin zuen Azpeititik, eta ETAko talde bati laguntzea eta etxean armak edukitzea leporatu zion orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. 2003ko urtarrilaren 17an atxilotu zuten Frantzian, Bourges herrian, Xabier Etxeberria azpeitiarrarekin batera. ETAko kide izatea egotzita 2004an epaitu eta 2008ko azaroa arte bete zuen zigorra Frantzian.

2008ko abenduaren 2an, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako euroagindua tarteko espainiaratu egin zuten Agirre. 2010eko urtarrilean epaitu zuten Auzitegi Nazionalean eta, etxean ETAren lehergaiak izatea leporatuta, sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Azken urteak Sevilla II espetxean egin ditu.