Saneloiak ospatzen jarraituko dute Landetan igandea arte

Uztarria.eus 2014ko abe. 5a, 14:32

Atzo jokatu zuten mus txapelketaren ondoren, gaur gauean txerri-boda izango dute Landeta jatetxean, eta igande eguerdi partean zezen txikiak, poniak eta herri kirolak, besteak beste.

San Eloi festei berrekinda dabiltza Landetan. Joan den astelehenean zaindariaren eguna auzo bazkariarekin ospatu ondoren, pare bat eguneko atsedenaldia hartu eta atzo, osteguna, heldu zioten berriro aurtengo festa egitarauri, mus txapelketarekin.

Gaur, ostirala, berriro mahaiaren bueltan elkartu eta txerri-boda ospatuko dute, Landeta jatetxean. Zapatuan ez dute jai hitzordurik izango, eta igande goiz-eguerdirako prestatu dute parterik mamitsuena, 2014ko saneloiak agurtzeko. Hona hemen, ostiraleko eta igandeko egitaraua:

Abenduak 5, ostirala: 21:00etan, txerri-boda Landeta jatetxean.
Abenduak 7, igandea:
11:00etan, hildako auzokoen aldeko meza Esklabetako elizan.
12:00etan, umeentzako zezen txikiak, pottokak eta jolasak.
12:00etan, Imanol eta Eneko soinujoleak eta bertsolariak auzoan zehar.
13:00etan, herri kirolak Landetan: aizkolariak, harri-jasotzaileak eta trontzalariak.