Jabi Agirre presoa igandean utziko dute aske

Uztarria.eus 2014ko abe. 5a, 12:29

2003an ETAko kide izatea egotzita Frantzian atxilotu zutenetik egon da kartzelan, 2008ko abendura arte Frantzian eta harrez gero Espainiako presondegietan. Azken urteak Sevilla II espetxean egin ditu eta handik aterako da igandean.

Jabi Agirre Odriozolak (Azpeitia, 1972) igandean, abenduak 7, utziko du Sevilla II espetxea. Agirrek guztira ia hamabi urte bete ditu espetxean, lehendabizi Frantzian eta 2008ko abendutik Espainiako presondegietan.

2001eko urrian aldegin zuen Azpeititik, eta ETAko talde bati laguntzea eta etxean armak edukitzea leporatu zion orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. 2003ko urtarrilaren 17an atxilotu zuten Frantzian, Bourges herrian, Xabier Etxeberria azpeitiarrarekin batera. ETAko kide izatea egotzita 2004an epaitu eta 2008ko azaroa arte bete zuen zigorra Frantzian.

2008ko abenduaren 2an, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako euroagindua tarteko espainiaratu egin zuten Agirre. 2010eko urtarrilean epaitu zuten Auzitegi Nazionalean eta, etxean ETAren lehergaiak izatea leporatuta, sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Azken urteak Sevilla II espetxean egin ditu eta handik aterako da igandean.