Azpeitiarren lanak 49. Durangoko Azokan

Uztarria.eus 2014ko abe. 5a, 10:31

Gaur, ostirala, irekiko dute azoka eta astelehena bitartean egongo da zabalik. Azpeitiarren hainbat lan izango da eskuragarri Landako Gunean, eta Ahotsenean zuzeneko emanaldia eskainiko dute igandean Ezinean eta Mondocane taldeek. Astelehenean, berriz, Jose Luis Otamendik Kapital publikoa liburuaren aurkezpena egingo du gune horretan.

Gaur, ostirala, zabalduko ditu ateak euskal kulturaren erakusleiho den 49. Durangoko Azoka. Gaur hasi eta abenduaren 8a, astelehena, bitartean euskal idazleen, musikagileen, argitaletxeen, banatzaileen, diskoetxeen, erakundeen, eta, oro har kultur eragileen topagune izango da Durangoko Landako Gunea.

Urteroko legez, azpeitiarrek ere izango dute euren lekua azokan. Aurreko urteetan argitaratutako lanak zein aurten, 2014an, kaleratutakoak eskuratu ahal izango dira bertan. Horrez gain, Azokako Ahotsenea gunean azpeitiarrek ere izango dute presentzia. Hala nola, hilaren 7an, igandea, zuzeneko kontzertua eskainiko du Mondocane taldeak 12:00etatik 12:30era bitartean. Ondoren, 20:00etatik 20:30era bitartean, Ezinean musika taldea izango da gune horretako oholtzan. Hilaren 8an, astelehenean, Jose Luis Otamendik Kapital publikoa liburuaren aurkezpena egingo du Ahotsenean, 12:30ean hasita.

Hemen azpeitiarrek aurten argitaratu dituzten lanen zerrenda:

Kapital publikoa. Otamendi, Jose Luis. Susa (2014)

Euskararen isobarak, hamasei gezur handi eta koda bat. Aristi, Pako. Erein (2014)

Urak ostutako poemak. Aristi, Pako. Susa. (2014)

Maddi euskal piratekin. Morillo, Fernando; Mendibil, Mikel. Gaumin. (2014)

Santiago Bidearen misterioa. Morillo, Fernando. Gaumin. (2014)

Aitaren sekretua. Arana, Aitor; Ivan, Mata. Ibaizabal. (2014)

Ada Goth eta sagu mamua. Chris, Riddell; Arana, Aitor. Ibaizabal. (2014)

Misterioa. Mondocane. (2014)

Berriz. Ezinean. (2014)