Nor bere lan bidea jorratuz

Urola Kostako Hitza 2014ko abe. 4a, 11:55
Jon Arrue Aizarnan arrautza ekologikoak ekoizten hasi da. (Nerea Uranga/Hitza)

Lan gutxitu edo lanik gabe gelditzeak proiektu berriak abian jartzera animatu ditu Jon Arrue eta Angel Olabarria. Arrue Aizarnan arrautza ekologikoak ekoizten hasi da; Olabarria, berriz, Zumaiak zapata konpontzaile.

Krisiak lanerako bide berriak bilatzen eta jorratzen hastera behartzen ditu batzuk. Horietako bat izan daiteke Angel Olabarria azpeitiarra. Beste batzuentzako, berriz, betitik buruan izan duten asmo, gogo edo amets hori ereiten hasteko bultzada da; kasu honetan Jon Arrue aizarnarra izan daiteke adibideetako bat.

Aizarnan (Zestoa) bere lan proiektua bete-betean aste honetan jarri du martxan Jon Arruek (Aizarna, Zestoa, 1981). ErtxiñEko izenean arrautza ekologikoak ekoiztu eta saltzen hasi da. Jardun honetan hasi aurretik, beste era bateko lanbide batean aritu zen aizarnarra: "Tailer batean ibili nintzen lanean, kalitateko probak-eta egiten. Ez nuen egoera ona ikusten lantegian, eta hango lana ere gehiegi ez zitzaidan gustatzen".

Arruek aitortu du lantegian hasi aurretik ere buruan zuela baserri giroko edo nekazaritzari lotutako lan bat izateko gogoa: "Beti horretan pentsatzen eta pentsatzen ari nintzen. Halako batean, arrautzen ekoizpenaren inguruko ikastaro bat ikusi eta izena eman nuen. Hemen inguruan horrelako ekoizpenik bazegoen ere aztertu nuen, eta gainera lana uzteko aukera eman zidaten. Orduan, bide berri hau hartzeko lanean hasi nintzen".

Aurrez oilotegia izan zen eta orain utzita zegoen Aizarnako eraikin bat ere begiz jota zuen Arruek. Baina proiektua martxan jartzeko bidea uste baino luzeagoa da. "Eraikinaren jabearekin hitz eginda nengoen, eta alokatzeko prest agertu zitzaidan. Orduan, hasteko aukera zela argi ikusi nuen. Oilotegian obra txiki bat egin, eta hasteko moduan izango nintzela uste nuen, baina prozesua uste baino luzeagoa da".

Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.