Memoria bizirik

Eduardo Etxarte, Joxin Azpiazu, Mikel Etxaniz eta Antonio Altuna (Azkueko lantaldearen ordezkariak) 2014ko abe. 4a, 11:21

2012ko urtarrilean gertatu zen. Azpeitiko Azkue enpresa konkurtsoan sartu zen eta 124 langile kalera joan ginen. Krisia izan edo ez, langileok jasan genituen orduan erabaki haren ondorioak. Ez ziren gutxi ordura arte langileok egin genituen ahaleginak. Besteak beste, aurrera joateko milioi bateko zorra kapitalizatu genuen. Garai hartan diru publikoa sar zedin ezinbestekoa zela argudiatu zen. Baina gertatu, gertatu zen, Azkueko produkzioa gainbehera eta kontu balantzea lur jota gelditu zirela.

Lehenago, eta hori gerta zitekeela aurreikusita, talde bat lanean, martxan, jarri zen. Azkueko Langileak sozietateko bi kideren eta beste langile pare baten artean osatu genuen lan talde berria. Langileen partaidetzaren aldeko apustua egin genuen, irtenbide bakarra sozializatzea zela argudiatuz.

Ibilbide luzea suertatu da gurea. Desertutik pasa eta oihanetik barna ere ibiliak gara, eta bai orain eta bai bidean, pertsonaia eta erakunde ezberdinekin egin dugu topo. Mahaia osatu nahi eta beti hankaren bat falta.

Ez dugu memoria krisian, instituzio edo pertsona ezberdinekin edukitako tratua eta konpromisoa memorian zigilatuta daukagu. Badakigu basamortutik pasa eta ura nork eman zigun, nahiz eta botila zulatuta izan eta barnean ur gutxi eduki, eta badakigu nor izan zen gure ahalegina hiltzat eman eta uretan gatza jarri ziguna.

Gaur, zorionez, inoiz baino hurbilago gaude eta uzta jasotzekotan gara. Baserritarrek badakite uzta biltzeko beti esku gehiago batzen dela, eta biltzera datorrenak poltsatxoren bat ere ezkutatzen duela patrikan. Hori ziur.

Gure mahaia lau hankarekin dago orain, lixatu eta bukatuta ia-ia. Ongi etorri gurera, bazkari batzuk eginda ditugu jada mahai horretan. Eskerrak, basamortuan botila zulatuan ura eman zigutenei ere. Bere etxeetako ateak ireki dizkigutenei eta babestu gaituztenei ere mila esker. Eskerrik asko, Azpeitiko Udalari. Gurean betirako daukazue tarte bero bat.

Beste guztiei, atxikimenduak eskertu. Sobera ere baditugu aulki hutsak eta bidea luzea da. Eskerrak eragile sozialei, alderdi politiko zein erakundeei, sindikatu zein herritarrei, asko baitzarete. Bidea elkarrekin egiteko prest gaituzue, gogoratu baina basamortuak badirela eta gameluen buztanari heldu behar zaiola tarteka, gamelua lehertu ez dadin.

Langilegoari mezu bat: Ekinez egin, lortuko dugu.