Jolasa ikasbide

Manu Urbieta (Futbol jokalari ohia, psikomotrizista eta kirol entrenatzailea 2014ko abe. 3a, 16:35

Azpeitian, I. Futbol Festa izenekoa antolatu dute urtarrilerako 5 urtetik 11 urte bitarteko haurrentzat. Zergatik sartzen ditugu gure haurrak hain goiz kirol antolaketa horretan?

Gurean, joera handia dago helduen praktikak eredutzat hartuz, haurren edozein kirol ekitaldi, lehia eta elkarren kontrako joko bihurtzeko. Heziketa-ikasketa prozesuan, ordea, jolasa da oinarri, pertsonaren osotasunezko garapena hobetzen baitu. Zalantzarik gabe, kirola praktikatzea onuragarria eta osasuntsua izan daiteke, baina, horretarako, moduak eta uneak kontuan hartzea ezinbestekoa da. Aurre-kirol eta kirol jolasekin ezagupen tekniko-taktikoak transmititzen saiatzen gara, sormena, iniziatiba eta bizipen propioak mugatuz. Haurtzaroan, kirol jolasetan haurren osotasun fisiko, psikiko nahiz afektiboak bermatu beharko lirateke; helburua ez luke izan behar ezagupen tekniko-taktikoak lantzea eta, are gutxiago, helduen kirolaren ispilu diren egoerak sustatzea.

Haurraren garapena errespetatu beharko genuke, beraz, eta bere bizipenetan oinarritu, oinarrizko abilezia eta trebetasunak garatzen hasteko. Ondoren (8-11 urte bitarte) etorriko da talde jolasetan aritzeko garaia, talde jolasen jokaerak, balioak eta gizarte arauak bereganatzeko adin aproposa baita.

Bost urteko ikasgelan, umeen artean hautatzea egin, maila kaskarrekoak baztertu eta gainerakoak lehiaren eremuan murgiltzea, irabazle bat eta galtzaile ugari bereizteko, ez dugu uste bide egokiena denik: ez ohitura osasuntsuak sustatzeko, ez kirolaren onurak zabaltzeko, eta ezta haur horien heziketarako eta garapen osorako ere.

Beraz, haurrak jolasaren bitartez ikasten du, eta, ekintza horrek, inguruan duen mundua ezagutzen eta ulertzen laguntzen dio, erabakiak prozesatzeko gaitasuna bizkortuz, lankidetza jorratuz, elkarren arteko errespetua landuz, eta sozializazioa eta integrazioa bultzatuz. Gaur egun, ordea, jolasa asko galtzen ari dira; haurrak sormenezko jolasetan ahulagoak dira, imitazio eta errepikapen jolasek eta kirolek indarra hartu baitute. Utz diezaiogun haurrari bere bidea egiten, eman arnasa jolasari.