Josu Waliño: "Azpeitian lortu dugu .eus domeinuaren bitartez irudikatzea euskal komunitatearen egitura soziala"

Uztarria.eus 2014ko abe. 3a, 12:02
Josu Waliño elkarrizketatua. (Arnaitz Rubio Aprea, 'Baleike')

Uztarria Komunikazio Taldearen webgunea Uztarria.com izatetik Uztarria.eus izatera pasatu da dagoeneko. Harekin batera, 1.300 webgune inguruk eman dute gaur, Euskararen Egunean, jauzia. Hori dela eta, Josu Waliño .eus lantaldeko zuzendariak (Zumaia, 1972) azaldu digu zein diren .eus-en gakoak, eta nolakoa izango den domeinuraren presentzia Azpeitian eta hedabideetan.

Euskararen Eguna da gaur, eta aitzakia horrekin .eus domeinua izango duten webgune asko jarri dituzue martxan, tartean Uztarria.eus. Oraindik bada, ordea, domeinuak aldatzeko aukera. Nola egin daiteke?

Webgune bat .eus bihurtzeko jarraitu beharreko prozesua gainontzeko domeinuekin egin behar denaren berdina da. Erregistradorearengana joan eta .eus eskatu behar duzu. Hori bai, gurea domeinu berezia da: euskararena eta euskal kulturarena. Beraz, ezaugarri berezi batzuk ditu; irizpide batzuk jarraitzen ditugu, alegia. Webgune horiek, gutxienez, eduki esanguratsu bat izan behar dute euskaraz edo, euskaraz ez baduzu edukirik, zure webguneko edukiak erreferentzia egin behar dio euskarari edo euskal kulturari. Horrenbestez, gauza bat nabarmendu nahi nuke: .eus izateko ez da beharrezkoa webgunea euskalgintzakoa izatea, herriko iturginak ere izan dezake .eus domeinudun webgunea, edukia euskaraz badu.

Beraz, euskara ez da behar-beharrezkoa .eus izateko?

Ez. Alemaniako unibertsitate batek ikerketa egiten badu euskarari buruz, eta webgune batean zintzilikatu nahi badu informazioa, .eus izan daiteke, nahiz eta edukiak alemanez argitaratu. Horrekin lortu nahi dugu .eus-ek euskal komunitate osoa ordezkatzea.

Horrez gain, proiektuak ez du lurraldetasunik, ezta? Euskal Herriko zein herrialdetik kanpoko erabiltzaileek eska dezakete domeinua.

Jakina, Internetek ez du muga fisikorik. Kasu honetan ere, .eus ez da muga geografikoei lotutako egitasmoa. Izan ere, .eus-ek ez du ordezkatzen Euskal Herria, .eus-ek euskara eta euskal komunitatea ordezkatu nahi ditu. Komunitate hori mundu osoan dago hedatua: New Yorken edo Argentinan ere zabaldua dago euskal gizartea. Azken finean, .eus-ek irudikatu nahi du euskal gizartearen forma Interneten, hau da, gure egitura soziala: enpresak, eskolak, kultur-elkarteak, norbanakoak... hori guztia .eus txapelaren azpian irudikatu nahi dugu.

Horrenbestez, euskara erabiltzen duen oro edo euskal gizartearekin lotura duena .eus domeinuaren barruan jasotzea da zuen helburua?

Bai, gizartea nahi dugu irudikatu domeinuarekin. .eus-en leloa “gure domeinua” da, eta "gure" hori herritarrek egiten dute.

Iritsi da dagoeneko abenduaren 3a, zuentzako egun berezia. Zenbat webgune jarri dituzue abian .eus domeinuarekin?

Jada badira 1.300 helbide.

Uztarria Komunikazio Taldearen webgunea .eus da dagoeneko, eta badakigu Azpeitiko Udalak ere egin duela aldaketa. Herriko beste datu batzuk badituzu eskura?

Izenak ezin ditugu zehaztu banan-banan, baina Azpeitian dezente webgune aldatu dituzte .eus domeinura. Hain zuzen, Azpeitian lortu dugu .eus domeinuaren bitartez irudikatzea euskal komunitatearen egitura soziala. Izan ere, alor askotako webguneak hautatu dute .eus: enpresa mundukoak, hezkuntzakoak, euskara eta kulturaren esparrukoak edota norbanakoak, besteak beste.

Oraindik .eus ez diren Azpeitiko enpresa txikientzat, labur-labur azal dezakezu non aurki dezaketen informazioa edo nora jo dezaketen zerbait behar badute?

Gure webgunean informazioa asko dago, erregistratzaileak aurkitzeko ere eskaintzen dugu laguntza; izan ere, erregistratzaile batzuekin hitzarmena egina dugu, eta zerrenda hori eskuragarri dago www.domeinuak.eus helbidean. Zerrenda horretan ikus daieteke bakoitzak zer prezio eta baldintzetan eskaintzen duen .eus; eta, horrela, alderaketak egin ditzakete eragileek edota herritarrek. Bestalde, edozer zalantza izanez gero, gurekin jar daitezke harremanetan, eta azalduko diegu behar duten guztia.

Ekonomikoki gainontzeko domeinuen antzekoa da kostua?

"Beste domeinuak" zakuan, domeinu asko daude. Hala ere, egia da .eus domeinua .com domeinua baino garestiagoa dela. Abiatu berri diren beste domeinuen antzekoa edo merkeagoa da prezioz, ordea. Garestiagoa da .eus domeinua azpiegitura batzuk kudeatzea eskatzen duelako, lizentziak ordaindu behar direlako eta abar. Lan hori erregistroen bidez finantzatzen dugu. Orotara, urtean 50 euro inguru ordaindu behar dira .eus izateko.

Uztarria Komunikazio Taldea euskarazko komunikabidea da, eta dagoeneko euskarazko hedabide erreferente batzuk .eus erabiltzen dute: Berria taldekoek edo Argia-k, adibidez. Zer garrantzi du zuentzat euskarazko hedabideek .eus domeinua beraien egiteak?

Guretzat oso garrantzistua da. Hedabideek .eus domeinuaren ikusgarritasuna areagotzen dute, eta erabilera normalizatzeko bidean ere laguntza handia dira. Gure helburua da herritarrek Interneten pentsatzen dutenean, .eus-en pentsatzea. Horretarako ohitura komunikabideen bidez sortzen da. Adibidez, orduro-orduro Eitb-ko albistegietan “informazio gehiagorako Eitb.eus” entzuteak izugarrizko garrantzia du guretzat. Eitb aipatu dut, baina hedabide hori bezala, baita gainontzeko komunikabideak ere, pertsonen bizitzetan erreferente diren guztiak.

Tokiko hedabidea da Uztarria, gainontzeko tokiko hedabideekin ere ari zarete lanean?

Bai. Gainera, aitzindarien artean zegoen Tokikom, eta hasieratik erakutsi du inplikazio handia. Beraz, Tokikomek biltzen dituen hedabide guztiak izango dira .eus hemendik aurrera.