Ikastetxeetan eta erakusketa batekin ospatuko da Azpeitian Euskararen Eguna

Uztarria.eus 2014ko abe. 2a, 18:57

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan hainbat ekitaldi antolatu dituzte biharko, abenduak 3. Sanagustin kulturgunean, berriz, AzpeitHika kartel erakusketa zabalduko dute, hori ere ikasleek eginiko lanetan oinarritua.

 Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Azpeitiak ere bat egingo du egun horretako ospakizunekin eta bereziki herriko ikastetxeen eskutik etorriko dira ekitaldiak. Batetik, eta urteroko legez, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan hainbat ekitaldi antolatu dituzte biharko. Bestetik, Euskakaren Egunean irekiko dute, Sanagustin kulturgunean, AzpeitHika erakusketa.

Azpeitian hitanoaren erabilera eta haren arauak nola bizi dituzten landu dute Azpeitiko ikastetxe guztietan hainbat ikasle talde. Saio horietan egindako lanaren emaitzetako batzuk erakusgai izango dira astebetez, abenduaren 10a arte, Sanagustinen jarriko duten kartel erakusketan. Azpeitiko Udalak sustatuta eta Soziolinguistika Klusterraren gidaritzan, herriko hitanoa jorratzen ari dira herriko ikastetxe guztiak 2011. urteaz geroztik; 2011tik 2013ra Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta 2014tik aurrera Lehen Hezkuntzan. Azpeitian hitanoa landu eta sustatzeko beharrari erantzun nahirik ekin zioten egitasmoari. Soziologia Klusterrak material didaktikoa sortu, eta ikastetxeetan landu dituzte materialok.

Ikastetxeetako egitarauak

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Urola Ikastolan, gainera, Euskararen Egunaren ospakizunek bat egingo dute ikastolen egunekoekin. Hona hemen, ikastetxe bakoitzak antolatutako ekintzen egitarauak:

Azpeitiko Ikastola Ikasberri

  • 09:30. Egunari ongietorria.

  • 09:45. Pregoia.

  • 10:00. DBH eta Batxilergokoek, III. Euskal Jolasen Topaketa.

  • 10:15.

        - Mari Domingiri ongietorria HHkoek.

        - Mari Domingiri agurra, LH1-LH2koek.

        - San Sebastian eguneko danborradarako zozketa, LH4-LH5ekoek.

  • 11:00. Hamaiketakoa.

  • 11:30.

       - HH eta LHkoentzat aurpegi margoketa.

       - Euskara aldarrikatzeko leloen zozketa.

       - LHkoentzat geletan jolasak.

       - DBH eta Batxilergokoentzat, 3x3 txapelketa.

  • 12:00.

        - HHkoentzat ipuin kontaketa.

        - LH5-LH6koentzat mahaiko tenis txapelketa.

        - Pilota txapelketa.

        - Mus txapelketa.

  • 12:30.

        - Leloen irakurketa.

        - Mahai teniseko sarien zozketa.

        - DBH eta Batxilergoentzat, Futbol 7 txapelketa.

  • 13:30. Bazkaria aretoan, DBH eta Batxilergokoentzat.

  • 15:00.

        - HH eta LH 1, 2, 3 eta 4: eskulanak.

        - LH 5 eta 6: zine emanaldia.

  • 15:30.

        - HHkoentzat jolasak.

        - Batxiler 2koen eskutik, show-a.

  • 16:30. LHkoek Gabonetako zuhaitza apainduko dute.

  • 17:00. Egunaren amaiera.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai

HHko eraikinean, Euskal Herria kalean:

Goizean,

  • Pankartak ipintzea. Girotze musika.

  • Abestiak.

  • Euskal Mitologian girotutako ipuinak.

  • Etxera eramateko dagokien fitxa egingo egingo dute ikasleek: Mari, Lamia, Sugar, Iratxoak, Basajaun... HH eta LHko maila guztietan lantzen da euskal mitologiko pertsonai jakin bat.

  • Dantzak.

Arratsaldean,

  • Girotze musika.

  • Jolasak.

  • Askaria.

  • Aurpegi margoketa, jolas librea...

LHko eraikinean, Perdillegi kalean:

Goizean,

  • Pankartak ipintzea. Girotze musika.

  • LH 1-2: Eguneko ekintzen azalpena. Pelikula. Marrazkiak egin eta pasilloetan ipini (Tartalo - Mateo Txistu).

  • LH 3: Pelikula. Geletan ekintzak: mahai jolasak, tailerrak. Pasilloak apaindu (Sorgina).

  • LH 4: Idazlea. Pasilloak apaindu (Argitxo).

  • LH 5: Irratsaio berezia. Pasilloak apaindu (Hitanoa) / Udaletxera horma irudiak eraman (Hitanoa). Geletan ekintzak: mahai jolasak, tailerrak.

  • LH 6: Irteera Lasaora. Power Point-a egin eta erakusgai ipini liburutegian (Euskal pertsonaia mitologiko desberdinak, HHtik LHraino lantzen direnak, eta beste batzuk).

Arratsaldean,

  • Girotze musika.

  • Behin betiko elkarrekin abestu.

  • 'Euskaraz bizi nahi dut' flashmob-a.

  • Jolasak.

  • Askaria.

Iraurgi Ikastetxea

Haurtzaindegia / Haurreskola:

  • Goizean, Euskararen Eguna ospatuko dute 2 urtekoek eskulanak eginez, jolastuz eta musikarekin gozatuz.

Haur Hezkuntza:

  • 09:30. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoak Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urtekoengana joango dira Paristik natorren abestia kantatu eta dantzatzera. Horretaz gain, Lehen Hezkuntzakoek asmakizun-sorta ederra eramango dute txikienek buruak astindu ditzaten.

  • Goizean, Haur Hezkuntzakoek banderatxoak egingo dituzte aurtengo leloarekin, Bizi euskara bihotzez.

  • Arratsaldean, sokatira, aurpegi-margotzea, dantza eta kanta ekitalditxoa mailaka eta, ondoren, kalejira (eguraldi ona bada). Euskarazko marrazki bizidunak ikusi, aurpegi-margotzea,  dantza eta kanta ekitalditxoa mailaka eta kalejira (eguraldi txarra egiten badu). Behin betiko abestia kantatuz amaituko da ekitaldia.

Lehen Hezkuntza:

  • 09:30. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoak Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urtekoengana joango dira Paristik natorren abestia kantatu eta dantzatzera. Horretaz gain, Lehen Hezkuntzakoek asmakizun-sorta ederra eramango dute txikienek buruak astindu ditzaten.

  • 10:00. DBH3ko ikasleak Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailakoengana joango dira hizkuntza ekologiaren inguruan egin dituzten lanak aurkeztera (hizkuntzaren jatorria, egoera, etorkizuna...).

  • 15:30. Euskal Olinpiadak. Euskara eta euskal kultura kirolarekin uztartuz olinpiadak ospatuko dituzte.

  • 16:45. Euskararen Eguneko manifestua irakurriko du Rokitxok eta, ondoren, Eltzetik Altzora abestia kantatuz emango zaio amaiera egun berezi honi.

DBH eta DBHO:

  • 10:00. DBH3ko ikasleak Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailakoengana joango dira hizkuntza ekologiaren inguruan egin dituzten lanak aurkeztera (hizkuntzaren jatorria, egoera, etorkizuna

  • 11:45.

        - DBH 1 eta 2: Ikasle bakoitzak bere hizkuntzen abanikoa margotuko du. Ondoren, hizkuntza bakoitza zein testuingurutan erabiltzen duten zehaztuko dute, eta bakoitzak hizkuntzen inguruko testutxo bat landuko du bere esperientzia pertsonaletik abiatuta. Azkenik, gelak apainduko dituzte beraiek egindako abanikoekin.

        - DBH 3 eta 4: Hizkuntzaren erabilera-esparruak zehaztuko dituzte euskararen ikuspuntutik begiratuta (dimentsio pertsonala, dimentsio soziala eta nazioarteko dimentsioa). Hiru kanturen bidez landuko dute dimentsio bakoitza.

        - Batxiler 1 eta 2: Euskara jendea dokumental-sortako 6. atala ikusiko dute. Ondoren, hizkuntza gutxituen alde eta kontra esandakoen inguruko lanketa egingo dute.

  • 12:40.

        - DBH 1 eta 2: Euskararen inguruan landu duten mezuarekin apainduko dute jolastokia. Horretaz gain, ikastetxeko hizkuntzen abaniko erraldoia margotuko dute jolastokian bertan.

        - DBH 3 eta 4: Bejondaiula! panelak sortuko dituzte ikasleek, pasabideetan egingo dute lan eta bertako hormak apainduko dituzte beraiek egindako lanekin.

        - Batxiler 1 eta 2: Dokumentalaren inguruan landutakoari buruzko eztabaida eta gogoeta. Hizkuntza gutxituen aldeko arrazoien dekalogoa sortuko dute.

Urola Ikastola

  • DBH 1 eta 2ko ikasleek ibilaldi neurtua egingo dute Lasaora.

  • Ibilaldi neurtuaren ibilbidean ateratako argazkien lehiaketa egingo da.

  • Irudi lehiaketa: aurtengo leloa Bertsolariak da. DBH 1eko ikasleek egin dituzte lan hauek eta, dagoeneko, erakusketa ikastolan dago ikusgai.

  • DBH 3 eta DBH 4ko ikasleek jokoak eta kirol partidak izango dituzte: MHLZ, mus txapelketa, eskoba txapelketa, futbola, saskibaloia, pilota...