Azpeitia ezagutzeko unitate didaktikoaren bigarren atala kaleratu dute

Uztarria.eus 2014ko abe. 2a, 14:02

Atzo aurkeztu zuten Azpeitiko ondarea unitate didaktikoetan proiektuaren bigarren atala. Bi unitate didaktiko berri kaleratu dituzte, eta iaz argitaratutako beste biak lantzen ari dira dagoeneko herriko ikastetxeetan. Argitaratu berri dituzten unitateetan Aro Berritik Aro Garaikiderako hainbat gai bildu dituzte. Bilduma datorren udaberrian amaitzea aurreikusten dute, beste bi unitate didaktiko osatuta.

Atzo aurkeztu zuten Azpeitiko ondarea unitate didaktikoetan proiektuaren bigarren atala. Herriko historiaren eta ondarearen inguruko informazioa hiru liburuxkatan jasotzen hasi zen Udala iazko den irailean, eta oraingoan beste bi unitate didaktiko argitaratu ditu: Handitzen handitzen eta Jaso dugun altxorra.

Bi unitate didaktiko horietan Aro Berritik Aro Garaikiderako hainbat gai bildu dituzte. Olatz Aranguren arduratu da unitateen edukiaz eta Iban Izagirre, berriz, liburuxketako ilustrazioez. Arangurenek azaldu duenez, bigarren fase horretarako Agirretarrak familia sortu dute zortzi eta hamar urte bitarteko haurrentzat: "Familia horren aitzakian Azpeitia nola handitu den kontatu dugu. Hortik abiatu gara. Herriko auzoak eta inguruak azaldu ditugu, garrantzitsua da-eta horiek aztertzea. Horrez gain, lanbide desberdinak ere jaso ditugu bertan, eta emakumeek herria garatzerakoan izan duten garrantzia ere azpimarratu nahi izan dugu. Laugarren liburuxkan, berriz, natura landu dugu eta, besteak beste, Azpeitiko animaliak, landareak, ibaiak nahiz mendiak, gerrak eta herriak izan dituen foruak jaso ditugu".

Lehenengo eta bigarrengo unitate didaktikoak lantzen ari dira dagoeneko herriko ikastetxeetan. Mari Jose Iturria Udaleko Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, "finkatuta dago proiektua dagoeneko". Azpeitia Ezagutzen liburuen proiektua "xumea" dela dio Iturriak, eta poliki-poliki bertako curriculumaren barruan kokatu nahi dutela proiektua esan du, "herriko curriculuma hedatzeko".

Hik Hasi euskal hezkuntzaren alorrean lan egiten duen erakundeko ordezkari Joxe Azurmendik azaldu duenez, lana hastea "erraza" da, baina "zaila dena da egokia, zuzena eta ona zer den erabakitzea". Haren ustez, lan zailena "eginda dago".

Azpeitia Ezagutzen proiektuaren hirugarren liburuan udaberrian aurkeztuko dute, eta bertan XIX., XX. zein XXI. mendeak jasoko dituzte.