Txernobilgo haurrei laguntzeko emanaldia eskainiko du Irrien Lagunakek abenduaren 13an

Uztarria.eus 2014ko abe. 1a, 14:37
Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Chernobilen Lagunak elkarteko eta Irrien Lagunakeko ordezkariak.

Abenduaren 13an, zapatua, Irrien Lagunaken Chernobilen lagunak Ane eta piratekin parrandan emanaldia izango da Soreasu antzokian. 17:00etan hasiko da ekitaldia, eta asteazken honetan jarriko dituzte sarrerak salgai, bost euroren trukean.

Abenduaren 13an, zapatua, Irrien Lagunaken Chernobilen lagunak Ane eta piratekin parrandan emanaldia izango da Soreasu antzokian., 17:00etan hasita. Ekitaldiaren helburua da Txernobilgo haurrei-eta laguntzea. Izan ere, saldutako sarreretatik eskuratzen duten diru guztia Chernobilen Lagunak elkarteari emango diote. Egitasmoa Irrien Lagunek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "gizarte arloko jarduerak laguntzeko eta jolasa eta elkartasuna uztartzeko" sinatuta duten hitzarmenari esker antolatu dute.

Irrien Lagunez gain, herriko hainbat taldek eta pertsona ezagunek hartuko dute parte ekitaldian. Hala nola, Pedro Otaegi aktoreak, Xebaxtian Lizaso bertsolariak, Mikel Aranburu eta Mikel Labaka futbolari ohiek eta Jose Mari Orbegozo dantzariak.

Sarrerak asteazkenenean jarriko dituzte salgai bost eurotan, Azpeitiko Ametsa tabernan eta Sanagustin kulturgunean, Azkoitiko Ttakun eta Zurt tabernetan eta Zestoako Irantzu eta Faty tabernetan. Sarrera guztiak agortzen ez badira, egunean bertan ere jarriko dituzte salgai. Bertaratu ezin duten baina Chernobilen Lagunak elkartea diruz lagundu nahi dutenek badute horretarako aukera, kontu korronteko hurrengo zenbakiaren bitartez: 3035-0063-87-0630069882.

1996. urtean Gipuzkoan sortutako elkartea da Chernobilen Lagunak. 1986an Txernobilgo zentral nuklearrean izandako istripuaren ondorioz osasun arazoak dituzten haurrei laguntzea da elkartearen helburua. Ordezkarien arabera, 30 bat kide dira elkartean, eta hainbat familiak hartzen du parte urtero Txernobilgo haurrak Euskal Herrira ekartzen, hori da-eta elkartearen xedea: "Udan Gipuzkoara etortzen dira haurrak bi hilabete pasatzera, eta hemengo egonaldia oso onuragarria izaten da beraientzat. Izan ere, Txernobil inguruko radiazioa dela eta, hona etortzen diren bakoitzean haur horien bizi itxaropena laupabost urte igotzen da".

Elkarteko kideen arabera hiru dira Irrien Lagunekin antolatu duten emanaldiaren helburuak: elkarteak egiten duen lana plazaratzea, udan Txernobildik etorritako haurrentzako familia gehiago aurkitzea eta elkartearentzat finantzazioa lortzea, aurrekontuaren %80 haurren udako bidaian gastatzen dutelako.