107 lagunek parte hartu dute Euskal Presoak Euskal Harrietara eskalada proban

Uztarria.eus 2014ko abe. 1a, 12:25

Parte-hartze "oso ona" izan du Euskal Presoak Euskal Harrietara VIII. eskalada txapelketak. Zapatuan jokatu zen proba Gaztetxean, eta 107 pertsonek hartu zuten parte, lau taldetan banatuta: Hasi berriak, Herrikoiak A, Herrikoiak B eta Sateliteak. Leire Aranbarri antolatzaileak azaldu duenez, bazuten "beldur pixka bat" parte-hartzearekin. Izan ere, joan den urtean ez zuten antolatu lehiaketa, eta ez zekiten nola erantzungo zuten herritarrek. Hala ere "oso gustura" gelditu ziren zifrarekin zein herritarren aniztasunarekin: "Denetik egon da gaur Gaztetxean: haurrak, gaztetxoak, eskualdeko beste herrietako pertsonak, etorkinak, inoiz eskalada egin gabeko jendea... Gainera, oso maila ona erakusten ari dira".

Parte-hartzaileez gain, hogei bat pertsonak jardun zuten lanean, boluntario gisa, eta egun borobila izan zen zapatukoa guztientzat. Aranbarrik nabarmendu du eskaladako lokala ere Gaztetxe ondoan dutela, eta "aukera ona" izan zutela parte-hartzaileei jana eta edana emateko edo instalazioak erakusteko. Eskalatzaileek hamar euroren truke hartu zuten parte proban, eta kaximeta bat eman zieten guztiei. Jasotako dirua euskal presoen familiei laguntzeko erabiliko dute lehiaketaren antzolatzaileek.

Bestalde, honakoak dira zapatuko proben sailkapenak:

Herrikoiak A:

  1. Jon Altuna
  2. Fermin Biela
  3. Cristian Arriola

Herrikoiak B:

  1. Mikel Madinabeitia
  2. Andoni Azpilikueta
  3. Ibon Labaka

Sateliteak:

  1. Ander Mendieta
  2. Mikel Odriozola
  3. Antton Zabala