Inaxio Uriaren senideek ez dute haren omenezko elkarretaratzerik egingo aurrerantzean

Uztarria.eus 2014ko abe. 1a, 11:01
Inaxio Uriaren omenez iaz egin zuten elkarretaratzea.

Elkarretaratzeak bukatutzat ematen dituztela eta, "komunikabideen arretatik at eta protagonismorik gabe, intimitatean" gogoratuko dutela enpresaburua azaldu du familiak.

Asteazkenean, abenduak 3, sei urte ETAk tiroz hil zuen Inaxio Uria Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa. Asteazkenean izango da Uriaren heriotzaren urtemuga, eta familiak urtero deitzen zuen elkarretaratze publikoak egiteari uztea erabaki du. 

Elkarretaratzeak bukatutzat ematen dituztela eta, "komunikabideen arretatik at eta protagonismorik gabe, intimitatean" gogoratuko dutela enpresaburua azaldu du familiak agiri baten bidez: "Gure atsekabea publikoan azaltzen genuen eta orain pribatuan egingo dugu". Asteazkenean Uriaren omenezko meza egingo dutela jakinarazi du haren familiak.

Uria urte guzti hauetan "aurkako sentimenduekin, nahigabearekin eta gaitzespenarekin" gogorarazi dutela erantsi du familiak: "Askok partekatzen zuten hori, baina guztiek ez zuten adierazten". Bestalde, eskerrak eman dizkiete "urte gogor" hauetan ondoan izan dituzten guztiei.

Egia, memoria eta justizia

"Badakigu zuen elkartasuna daukagula, ETAren biktima guztiek gurea duten bezala. Espero eta desio dugu denon artean indarkeriaren aro hau ixteko gai izango garela, egia, memoria eta justizia errespetatuz", esan dute Uriaren senitartekoek.