Eneko Arbeo: "Trikitia jotzeko gogoari eutsi nahi diogu, txapelketa irabazi edo ez"

Uztarria.eus 2014ko aza. 28a, 18:00
Eneko Arbeo soinujolea.

Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XXIII. Txapelketako finala jokatuko dute igandean, Zaldibarko (Bizkaia) Olazar pilotalekuan, 17:30etik aurrera. Han izango da Eneko Arbeo (Azpeitia, 1998) trikitilari gaztea, Mireia Ibabe pandero-jole bergararrarekin. 

Noiz hasi zinen trikitia jotzen?

7 urterekin hasi nintzen instrumentua probatzen, ikastolan. Saio batzuk eskaintzen zituzten han, eta lagunekin eman nuen izena. Gustatu egin zitzaidan, eta jarraitu egin dut. Familian ez dugu inoiz soinujolerik izan, baina oso gustukoa dute trikitia. Gainera, etxean asko lagundu eta animatu naute beti, batik bat, aitak. Bestalde, irakasleek ere lan handia egin dute gugatik; irakatsi egin digute eta lagundu egin gaituzte, eta hori nabarmentzekoa da. Juan Ramon Azpitarte Imuntzo da nire irakaslea, eta berak zein gainontzekoek lortu dudanaren zati handi bat dute.

Zer ibilbide daramazu hasi zinenetik?

Esan bezala, ikastolan probatu nuen instrumentua, eta gero Juan Antxieta musika eskolara joaten hasi nintzen. Musika eskolatik zenbait irteera egiten ditugu, eta horrela ikasi nuen kanpoan jotzen. Bestalde, aita Landetakoa dut, jaiak antolatzen ibiltzen da auzoan, eta han ere eman zidaten aukera kalean jotzeko, 2006. urte inguruan. Orduan izan zen kalean jo nuen lehen aldia.

Trikitia ondo jotzeak eskatuko du etxean ere ordu batzuk eskaintzea, ezta?

Bai, egunero-egunero jotzen dut etxean. Aurten hasi gara txapelketekin eta horrelako lehiaketekin, beraz, futbola eta beste ekintza batzuk utzi behar izan ditut. Soinua serio hartu, eta behar duen denbora eskaintzea erabaki dut.

Mireia Ibabe, pandero-jolea, Bergarakoa (Gipuzkoa) da. Nola sortu zenuten bikotea?

Zaila da herriko bikotekidea aurkitzea, eta guk irakasleen bitartez sortu genuen bikotea. Txapelketa batera aurkezteko hasi ginen, eta ordutik aurrera jarraitu egin dugu.

Nola moldatzen zarete entseguak egiteko?

Txandaka egiten ditugu. Gurasoek laguntzen gaituzte bidaiak egiteko, eta Bergaran zein Azpeitian gelditu ohi gara. Gainera, azken aldian, sarri geratu gara, astean hiru bat aldiz. Txapelketa gertu dago, eta gehiago entseatu dugu. Udan, adibidez, gutxiago egoten ginen. Entseatzeko lekuari dagokionez, saio bat edo beste egin dugu musika eskolan; baina, oro har, etxean entseatzen dugu.

Igandean jokatuko duzue Trikitilari Gazteen Txapelketako finala. Parte hartzen duzuen lehen aldia da?

Bai, aurten lehen aldiz eman dugu izena txapelketan, eta finalera iritsi gara.

Zenbat kanporaketa igaro dituzue finalean egoteko?

Bi proba egon dira finalaren aurretik, eta guk Azkoitikoan (Gipuzkoa) jo genuen. Sei bikote izan ginen kanporaketa hartan, eta sailkatu gara. Seigarren postuan joko dugu igandean.

Zer formatu izaten dute mota horretako lehiaketek?

Formatua desberdina da kanporaketetan eta finalean. Kanporaketetan, bikote guztiek lau pieza jo behar dituzte: trikitia, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Finalean ere lau abesti jotzen dira, baina desberdina da haien hautaketa: lehendabizi, guztiok fandango bera joko dugu; eta, ondoren, beste hiru pieza jo beharko ditugu, guztiok desberdinak. Azkenean, kantu gehiago eta desberdinak prestatzea eskatzen du; eta, agian, horixe da zailtasunik handiena.

Nola ematen dituzte puntuak?

Txapelketa hau berezia da kontu horretan. Izan ere, beste txapelketetan ez dituzte puntuak amaiera arte ematen, bukaeran esaten dituzte puntuazioak. Hemen, ordea, pieza bakoitzaren ostean ematen dute bikote bakoitzari dagokion puntu kopurua. Beraz, jo ahala, badakizu gutxi gorabehera non zabiltzan. Alde batetik, uste dut Euskal Herriko Txapelketako puntuatzeko modua hobea dela, zehatzagoa delako. Gero, ordea, saioaren araberakoa izan daiteke: presioa sartzen dizute puntuek, eta batzuetan positiboa izan daitekeen arren, besteetan, kontrako eragina sor dezakete.

Txapelketari begira, zer aukera ikusten dituzue?

Lehen urtea da, eta parte hartzera goaz. Ahal dugun ondoen egiten saiatuko gara. Atsegin dugu trikitia, eta gustura aritzen gara honetan, beraz, gozatzera goaz. Izan ere, ondo pasatzea da garrantzitsuena. Txapelketek arrisku bat izaten dute: askotan, espero ez diren emaitzak lortzen dira halako probetan, eta baliteke horrek beheraldia sorraraztea. Hala ere, guk trikitia jotzeko ohiturari eta gogoari eutsi nahi diogu, txapelketa irabazi edo ez. Bide batez, instrumenturen bat aukeratzekotan dabiltzan gazteak animatu nahi nituzke soinua jotzera, instrumentu ederra da-eta.

Zenbat bikote izango zarete igandean Zaldibarren?

Zortzi. Orain arte, inguruko herrietan eta auzoetan jo izan dugu, eta antzeko bikoteak ibili gara plazaz plaza. Horrenbestez, batzuk ezagutzen ditugu, baina beste batzuk berriak izango dira guretzat.

Etorkizunean, nola ikusten duzu zure burua?

Asko gustatzen zait trikitia jotzea, baina badakit zaila dela hortik bizitzea. Zerbait izatekotan, agian, trikiti irakaslea izatea da errazena, baina nik denbora-pasa edo gustuko ekintza bezala ikusten dut musika. Nire bizitza egitea gustatuko litzaidake, eta trikitia alboan izatean, afizio bezala.