Abenduaren 8an bukatuko da 3x3 futbol festan izena emateko epea

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko aza. 28a, 11:55

Azpeitia Cup kirol elkarteak 3×3 I. Futbol Festa antolatu du urtarrilerako. Hil horren 2an, 3an, eta 4an izango da, eta bertan eskualdeko hainbat herritako neska-mutilek hartuko dute parte (Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria eta Zarautz). Futbolaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte egun horietarako: besteak beste, pailazoen emanaldiak, bertso saioak, trikitilarien emanaldiak eta ikastaroak. Futbol partidak Betharrametan jokatuko dituzte, eta horretarako, belar artifizialeko bi futbol-zelai txiki jarriko dituzte.

5 urtetik 11 urtera bitarteko haurrek izango dute bertan parte hartzeko aukera (2003-2009 urteen artean jaiotakoek, urte horiek barne) eta izen ematea Azpeitiko Halcon Bidaiak bulegoan edo Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan egin ahalko da. Hala ere, Azpeitia Cupen webgunean ere eman daiteke izena. Izena emateko epea abenduaren 8an amaituko da, eta jokalari bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu.

Talde bakoitza lau jokalariz osatutakoa izango da (hiru jokatzen ariko dira eta bat ordezkoa izango da) eta mutilez edo neskez osatutako taldeetan nahiz nahastutakoetan jokatu ahal izango dute. Partida bakoitza hamar minutukoa izango da, atsedenik gabe. Talde bakoitzak bost partida jokatuko ditu, eta jokalari bakoitzak txapelketako elastikoa eta domina eskuratuko ditu. Haurren bat talderik gabe baldin badago, antolatzaileak arduratuko dira taldeak osatzeaz. Antolatzaileen arabera, dagoeneko 200 haur inguruk eman dute futbol festan parte hartzeko izena: "Oraingoz 50 talde osatu dira, baina izena emateko epeak zabalik jarraitzen du. Izena ematen duten haur guztiek jokatu ahalko dute. Adibidez, Zarautzen uste baino haur gehiagok eman du izena".

Informazio gehiago nahi izanez gero, 682 176 381 telefonora deitu behar da.