KZguneako aretoa erabil daiteke 'Mintzanet' egitasmoan parte hartzeko

Uztarria.eus 2014ko aza. 27a, 18:31
Aurkezpenean izan diren ordezkariak.

Dagoeneko 250 pertsonek hartzen dute parte Internet bidez euskara praktikatzeko sortutako proiektuan. Hemendik aurrera, KZguneak baliabide teknologikoak eskainiko ditu, etxetik sarera konektatu ezin dutenentzat.

KZguneak eta 'Mintzanet'-ek hitzarmena sinatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako KZgune aretoetan euskara praktikatzeko egistamoan parte hartzeko aukera izan dezaten herritarrek. Proiektua Azpeitian ere aurkeztu dute Alex Etxeberria Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarteko zuzendariak, Ritxi Lizartza Mintzanet proiektuko buruak, Kontxita Martija Euskara zinegotziak, Mikel Aranburu futbolari ohiak, Xebastian Lizaso bertsolariak eta beste zenbait herritarrek.

Apirilean aurkeztu zen 'Mintzanet' egitasmoa Azpeitiko Udal Euskaltegian, eta Etxeberriak azaldu duenez, eredu hori "bat dator" KZgunearen lana egiteko moduarekin; horregatik erabaki dute zerbitzua eskaintzea. Lizartzak, berriz, jakinarazi du "aukera teknologikoak" ematea dela beraien helburua hitzarmenarekin. "Harreman anitzak sortu dira 'Mintzanet'-i esker, eta oso esperientzia aberasgarria da herritarrentzat, euskaraz dakitenentzat eta ez dakitenentzat", nabarmendu du. 

250 lagun inguru dabiltza 'Mintzanet'-i esker euskara praktikatzen, %80 Euskal Herrian; eta %20, berriz, herrialdetik kanpora. Bide horri esker, mintzalagunek aukera dezakete noiz eta zenbat denboraz hitz egin nahi duten; gainera, ordenagailuaren zein mugikorraren bidez komunika daitezke. Hala ere, ordezkariek azaldu dute herritar guztiek ez dutela aukera etxetik sarera konektatzeko. Hori dela eta, hemendik aurrera, Enparan Dorretxeko KZgunearen aretoan ere aukera egongo da 'Mintzanet' proiektuan parte hartzeko.