Olatz Prat: "Arriagan abestea ez da egunero gertatzen den zerbait"

Uztarria.eus 2014ko aza. 27a, 13:20

Ate joka da Sortuko dira besteak ikuskizunaren laugarren edizioa. Igandean hasiko dute bira berria, eta aurreko urteko gisan, aurten ere kontzertu horietan hartuko du parte Olatz Prat (Azpeitia, 1984) abeslariak. 

Datozen hilabeteetarako hiru kontzertu dituzte lotuta. Aurrenekoa igande honetan, azaroak 30, izango da Bilboko Arriaga antzokian, 19:00etan hasita. Pratek Uztarria.com-i adierazi dionez, "gogotsu" dago iganderako: "Ez da egunero ematen halako kontzertua. Aukera bat da, eta lehen esan nuen moduan, amets txiki handi bat da horrelako proiektu batean parte hartzea. Arriagan kantatzea ez da egunero gertatzen den zerbait".

Eñaut Elorrietarekin, Alex Sarduirekin, Mixel Ducaurekin, Kirmen Uriberekin, Mikel Urdangarinekin, Pettirekin eta Estitxu Pinatxorekin eta hainbat musikarik lagunduta ariko da azpeitiarra kantuan. John Berkhout musika taldeak ere hartuko du parte igandeko emanaldian.

Behin Arriagako kontzertua pasata, abenduaren 27an Donostiako Kursaalean eskainiko dute Sortuko dira besteak emanaldia, eta hirugarrena Gernikan izango da, urtarrilaren 3an. Kursaaleko kontzertuan Ainhoa Arteta abeslariak ere hartuko du parte.

Kontzertu hauetan "denetariko" abestiak entzun ahal izango direla jakinarazi du Pratek: "Denetik abesten dugu. Euskal kantuak ala bestelakoak. Musika mota desberdinak eta egile askorenak. Denetarik entzun ahal izango da kontzertu hauetan". Azpeitian kontzerturik emango al duten galdetuta, "beste herri guztietan bezala, eskaeraren arabera" izango dela esan du: "Talde handia gara, eta zaila da asko mugitzea eta denok ahal dugun datak bilatzea".

Igandeko kontzerturako sarrerak salgai dira dagoeneko.