Uztarriaren ibilbidea jasotzen duen 'Mugarria' ikus-entzunezkoa aurkeztuko dugu gaur

Uztarria.eus 2014ko aza. 27a, 11:44

15 urte bete ditu Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak hilabete honetan. 15 urteotan hilero kaleratu du Uztarriak aldizkaria, eta hil honetan argitaratu duguna 166. zenbakia izan da. Uztarriak kaleratzen dituen bestelako produktuen 25.a aurkeztuko dugu gaur, osteguna, Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera: Mugarria ikus-entzunezkoa.

Mugarria dokumentalean Uztarria Kultur Koordinakundearen 16 (1998an sortu zuten) eta aldizkariaren 15 urteotako ibilbidea jaso du Yuri Agirre azpeitiar kazetariak. Uztarriaren sorreran aritu zirenen eta gaur egun Uztarriako kide direnen lekukotzekin osatu du ikus-entzunezkoa Agirrek. Hala nola, Laxaro Azkuneren, Enekoitz Esnaolaren, Iban Arregiren, Josu Azpillagaren, Nerea Urangaren eta Julene Frantzesenaren hitzak jaso ditu.

Lan horrek Uztarriaren produktuen filosofiarekin bat egiten du. Izan ere, Uztarriak kaleratu dituen liburu, disko eta liburuxka biografikoen xedea da herriko kazetari gazteei lan desberdinak egiteko aukera ematea. Horren erakusle da, orain arte argitaratu ditugun 24 produktuetako asko herriko kazetari gazteek egin izana. Orotara, 13 liburu, disko bat eta hamar liburuxka biografiko kaleratu ditu Uztarriak urte hauetan guztietan (2001etik aurrera).

Mugarria ikus-entzunezkoa Uztarriak kaleratu duen 25. produktua izango da. Abenduko aldizkariarekin banatuko dugu ikus-entzunezkoa bazkideen etxeetara.

Uztarriak orain arte kaleratu dituen produktuak:

  • Joxe Takolo (2001). Enekoitz Esnaolak idatzi zuen biografia.
  • Angel Otaegi (2001). Iban Arregik idatzi zuen biografia.
  • Imanol Elias (2002). Mailo Oiarzabalek idatzi zuen biografia.
  • Patxi Altuna (2003). Josune Etxeberriak idatzi zuen biografia.
  • Azpeitiko Efemerideak (2003). Imanol Eliasek idatzi zuen.
  • Azpeitiko mendi gida (2004). Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Uztarriak kaleratu zuten liburua.
  • Euskarazko prentsa eta Azpeitia (2004). Uztarriak kaleratu zuen.
  • Loiolarik ez balitz (2005). Iñigo Aranbarrik eta Jose Luis Otamendik idatzi zuten.
  • Otsobeltz (2005). Andoni Salegik egin zuen.
  • Urrestillako musika taldeak (2006). Asier Sustaetak idatzi zuen.
  • Azpeitiarrak Espainiako gerran (2006). Amaia Mendizabalek idatzi zuen.
  • Urolaldeko bertso zaharrak (2007). Uztarriak argitaratu zuen, Erniarraitz Bertsozale Elkartearekin elkarlanean.
  • Oroitarri (2008). Kepa Urbietak idatzi zuen bertso pasadizoen liburua.
  • Julian Bereziartua (2009). Ander Ugartek idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Leo Etxeberria (2009). Miren Garatek idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Valentina Agirre (2009). Olatz Pratek idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Santi Lazkano (2010). Nekane Zinkunegik idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Amaia Garmendia (2010). Xabier Otamendik idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Enkarna Arregi (2011). Alex Silvak idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Iñaki Bergara (2011). Monika Juaristik idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Bernardo Aizpitarte (2012). Joxin Iturriotzek idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Enrike Zurutuza (2012). Ihintza Agirretxek idatzi zuen liburuxka biografikoa.
  • Errezildarren ateraldiak (2013). Imanol Lazkanok, Laxaro Azkunek eta Juan Joxe Eizmendik idatzi zuten liburua.
  • Maria Jesus Arregi (2013). Eneritz Albizuk idatzi zuen liburuxka biografikoa.