Eneko Etxeberria: "Hauteskunde interesek bultzatuta erabaki du Jaurlaritzak Lapatx ez ixtea"

Uztarria.eus 2014ko aza. 20a, 18:09
Foru Aldundiko ordezkariak eta Gipuzkoako zabortegiak dauden herrietako alkateak gaur eskaini duten prentsaurrekoan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Eusko Jaurlaritzak Zubietako TMB planta eraikitzeko baimena ez dio luzatu Gipuzkoako Foru Aldundiari. Orain arte Urteta, Lapatx eta Sasietako zabortegietan jasotzen dituzten hondakinak hartuko lituzkeen azpiegituraren atzerapenak aipatutako hiru zabortegien itxiera ere atzeratzea ekarriko luke. Eneko Etxeberriak Uztarria.com-ekin hitz egin du, eta salatu du, "alderdikeria" dela nagusi erabakian. 

Lapatx zabortegia 2015eko apirilean itxiko zutela iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den otsailean, baina itxiera-data hori kolokan dago orain. Atzo, asteazkena, jakin zen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ez diola luzatu Ingurumen Baimen Bateratua Gipuzkoako tratamendu biologikorako plantari (TMB) –informazio osatuagoa, Berria.eus-en albiste honetan–.

TMBaren eraikuntza atzeratzea ekarriko du horrek, Aldundiak baimena berriro eskatu beharko duelako. Eta TMBak orain arte Urteta, Lapatx eta Sasietako zabortegietan jasotzen dituzten hondakinak hartuko lituzkezkeela kontuan hartuta, Zarauzko, Azpeitiko eta Beasaingo zabortegiak aurreikusitako datan itxi ahal izatea zaila izango dela aurreratu zuen atzo Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatuak. "EAJren erabakiak zabortegien inguruan bizi diren herritarrei eragingo die; gipuzkoarren kaltetan ari da EAJ", adierazi zuen Errazkinek, Jaurlaritzaren erabakiaren berri izan bezain pronto.

Gaur, osteguna, goizean baimenaren luzapena ukatzea baloratu dute Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakariak eta Azpeitiko, Beasaingo eta Zarauzko alkateek (hiru herriotan daude Gipuzkoako zabortegiak).

Errazkinek esan duenez, "birziklapenaren alde egiteagatik zigortu ditu Eusko Jaurlaritzak gipuzkoarrak. Zubietako plantak gehiago birziklatzen du aurreko azpiegiturek baino eta horregatik atzerarazi du Eusko Jaurlaritzak. Ondorioak gipuzkoarrek jasango dituzte. Baina argi izan dezaten: Gipuzkoak birziklapenaren bidetik jarraituko du aurrerantzean ere". Jaurlaritza erabakia "oso larria" dela eta beste instituzio baten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, plangintza oztopatu nahian ari dela esan du Errazkinek.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak Uztarria.com-i adierazi dionez, Azpeitia Gipuzkoa osoarekiko "guztiz solidarioa" izan da: "Zabortegia ederki sufritzen dugu, aurreko legegintzaldian luzapena eman zioten itxiera datari, eta luzapena eman ziotenek eman beharko dituzte azalpenak". Etxeberriak dioenez, "Lapatx ixteko data genuen, konpromisoa, eta gure herriak babesten zuen erraustegirik gabeko itxiera. Izan ere, alternatiba erreala eta gauzagarria da".

Etxeberriak dio Jaurlaritzak hartu duela Lapatx ez ixteko erabakia, eta "honetan ere bigarren mailako herritarrak gara azpeitiarrak" esan du: "Jaurlaritza gure Madril partikularra da. Alderdikeria da nagusi. Etorriko dira bai, baina ez udaletxera azalpenak ematera".

Azpeitiko alkatearen ustez, "interes elektoralak bultzatuta" hartu du Lapatx ez ixteko erabakia Jaurlaritzak, "inkonpentente batzuk garela saltzeko".

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko EAJren hautagaia Azpeitian izan da gaur, osteguna, eta Lapatxera egin duen bisitaren ostean bere Twitter-eko kontuan ezker abertzaleari gezurretan aritzea leporatu dio. "Lapatxen izan gara, bien bitartean ezker abertzale gezurretan dabil zaborren inguruan" idatzi du bere Twitter-ean.

2014ko urtarrileko udalbatzarrean Udalak eragileei eta alderdiei Lapatx ixteko azpiegiturak adostea eskatzeko Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuen EAJk, eta Hamaikabat abstenitu egin zen.