Jose Luis Otamendi: "Gaur egungo toki askotan aurkitu daitezke poesiaren arrastoak"

Urola Kostako Hitza 2014ko aza. 19a, 10:55

Zazpi urte igaro dira, Jose Luis Otamendik (Azpeitia, 1959) bere azkenengo liburua argitaratu zuenetik. Aurreko astean Donostian aurkeztu zuen Kapital Publikoa, hiru ataletan banatutako 45 poema biltzen dituen lana. Liburua aurkezteko hainbat errezitaldi eskainiko ditu Otamendik, eta lehenengoa azaroaren 30ean izango da, Azpeitian bertan, Sanagustinen, 19:00etan.

Kapitala, esanahi bikoitza duen hitza dela dio Otamendik. Bi alderdi edo kontraesan ekarri nahi izan ditu azpeitiarrak: "Kapitala hitzaren alderdi baikorretik begiratuta, ondarea esan nahi du, hau da, gu egiten gaituen hori, maite duguna da. Baina, beste alde batetik, kapitala sistema zanpatzailea da, jende askoren bizimodua txikitzeko gaitasun nabaria erakusten duena".

Denbora asko igaro da zure azkenengo liburutik.

Gaztea nintzenean, sarriago argitaratzen nituen liburuak. Nire ustez, idazketa lanbide bat ez izatearen askatasuna da. Hau da, barruak eskatzen didanean idazten dut, gogoa eta indarra sentitzen dudanean.

Kapital Publikoa hiru ataletan banatu duzu. Elkarren artean zerikusia duten gaiak al dira?

Atalen arteko interferentziak badaude, eta baita nahita bilatutako keinuak ere. Liburuaren hasieran badago irakurleak aurrerago topatuko duenaren aurkezpen bat ere.

Lehenengo atalari Bake Hotza deitu diozu. Zergatik?

Azkenengo zortzi edo hamar urte hauetan idatzi ditudan testuak azaltzen dira bertan. Bizi izan dugun giro soziopolitikoaren hainbat isla, memoria eta garai bateko bortxa egoerak, tortura eta desagerketak azaltzen dira. Hori dela eta, Gerra Hotza hitzarekin jokatu egin nahi izan dut. Azkenean, gaur arteko garaiek erakutsi didaten hainbat alderdiri begiratu diet.

Zertaz da bigarren atala, Jendea Oinez deiturikoa?

Bertan esan nahi dut oraingo garaia arduraz eta itxaropen handi batekin bizi dugula. Atal honetan ere, niretzako garrantzitsuak izan diren hainbat jenderen heriotzak eragin didan mina eta esker zorra ageri dira.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.