Dantza solte ikastaroa antolatu du Itsasik datozen asteetarako

Uztarria.eus 2014ko aza. 18a, 14:28
Itsasiko dantzari txikiak iaz.

Hasi dira saioak dagoeneko, baina parte hartu nahi duenek horretarako aukera dute oraindik. Bestalde, hilaren 29an, Itsasi Eguna ospatuko dute eta egun osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako. 

Itsasi Euskal Kultur Elkarteak dantza solte ikastaroa antolatu du datozen asteetarako. Abenduaren 17a bitartean, astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak, 21:00etatik 22:00etara, Urola kaleko seigarren zenbakian duen lokalean. Doakoa izango da ikastaroa eta parte hartu nahi duenak bertaratu besterik ez du egin behar.

Itsasi Eguna

Urteroko legez, aurten ere ospatuko dute Itsasikoek euren taldearen eguna. Hilaren 29an, zapatua, izango da, eta egun osoko egitaraua prestatu dute ordurako. 11:30ean meza izango da Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Ondoren, taldeko dantzari txikiek emanaldia eskainiko dute Frontoi Txikian. Emanaldia bukatutakoan bazkaria egingo dute taldeko kideek eta kide ohiek. Itsasiko kideek taldeko kide ohi guztiak gonbidatu dituzte bazkarira, eta interesa dutenek itsasieuskalkulturtaldea@gmail.com helbidera mezua idatzi beharko dute izena emateko.