Mintzalagun sustatzailea behar dugu

Mintzalagun taldea 2014ko aza. 18a, 13:21

Mintzalagun ekimeneko kideek hurrengo gutuna bidali dute Uztarria.com-era Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriari Mintzalagunerako sustatzailea behar dutela eskatzeko. Jarraian gutuna osorik.

Joan den udaberrian ekimen berri bat hasi zen Azpeitian, inguruko beste hainbat herritan ere antzeko ekintzak antolatzen ari zirela ikusita.

Maiatzaren 4an eman zitzaion hasiera ekimenari Jon Maiak bere gurasoen eta garai hartan gurera etorritako etorkinen bizipenen inguruan egindako Hesiak gainditzen dokumentala aurkeztuz Sanjuandegiko Baigeran. Bertan parte hartu zuten herritarrak Mintzalagun saioetan parte hartzera animatu genituen.

Taldetxo bat sortzea zen gure asmoa, eta 20 lagun apuntatu ziren. Horiek hiru mailatan banatu genituen (A, B eta C), hiztunen euskara ezagutzaren arabera. Sei-zazpi hiztun berriz osatutako talde bakoitzeko, gutxienez, bizpahiru hiztun zahar gomendatzen dira. Izan ere, ekimenaren helburua, alfabetatzea baino gehiago hizketa erraztea da.

Udaberriko saioak bukatuta urrian berriro hasi gara. 27 hiztun berri ditugu eta 12 hiztun zahar, lau taldetan banatuta: A mailako bi talde eta B eta C mailetan talde bana. Hiztun berrien jarrera oso ona da eta posible da talde gehiago osatzea euren inguruko jendearekin eta ekimena herrian gehiago zabalduz.

Mintzalagun saio hauek, astean behin, ordu eta erdiz euskaraz hitz egiten aritzeko saioak dira. Bertan, euskaraz betidanik hitz egiten duten hiztun zaharrak eta euskara hitz egiten ikasteko hainbat pauso eman dituztenak (adibidez, euskaltegian ibilitakoak) edota kalean euskara entzun eta nola edo hala zerbait ikasi duten hiztun berriak elkartzen gara. Gure helburua da azken horiei, hiztun berriei, euskara praktikatzeko edota euskara ikasteko eta erraztasuna lortzeko aukera bat eskaintzea.

Ekimen hau herritar batzuen ekimen eta kolaborazio jatorrez ari da bidea egiten. Aurrera begira ere Mintzalagun taldeko hiztun zaharrak prest gaude Azpeitian euskara ikasi nahi dutenei gure laguntza emateko, baina ezinbestekoa ikusten dugu sustatzaile baten laguntza.

Sustatzaile horren egitekoa Mintzalagun ekimena koordinatzea, elikatzea, hedatzea eta sendotzea izango litzateke:

  • Taldeak, mailak, hiztun berriak eta hiztun zaharrak koordinatuz.
  • Taldea dinamizatzeko, taldekideei hitz eginarazteko, euskararen ezagupena eta mintzamena mailakatzeko baliabideak (paper, irudi, ikus-entzunezko) eta metodologia apur bat hiztun zaharrei eskura emanez. Asteroko saioak atseginak eta, batez ere, emankorrak izan daitezen eta bertan dabiltzanek, bai hiztun berriek eta bai hiztun zaharrek, hobekuntza bizi dezaten eta ekimena bertan behera gelditu ez dadin. Denbora alferrik galtzearen etsipenean, ahalegin ustela gerta ez dadin.
  • Uste baitugu, bai euskaltegietan euskara ikasten ari direnentzat eta baita lantokian, etxean edo kalean ikasi dutenentzat, eta hitz egitea erraztu eta hobetu nahi dutenentzat, aukera polita izan daitekeela ekimena.
  • Mintzalagun herrian zabalduz, herritar gehiagok, bai hiztun berriek eta bai hiztun zaharrek parte har dezaten, Azpeitia euskalduntzea guztion egitekoa dela pentsatzen baitugu. 

Azpeitiko Udalari eskatzen diogu, sustatzaile bat bideratzeko pausoak eman ditzala Mintzalagun ekimenak jarraipena izan dezan.